Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   JASANGARRITASUN TURISTIKOA

Euskadiko Iraunkortasun Turistikoko lehen Lurralde Plana onartu da, eta 3 urteren buruan 67 milioi Europako Funts txertatuko ditu Euskadiko turismo-sektorean

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok turismo-jasangarritasuneko lurralde-plana aurkeztu du gaur. Plan horrek lehen Next Generation funtsak euskal turismora iristea ekarriko du, lehen deialdi honetan 24 milioi euro lortuta.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok, Turismo eta Ostalaritzako zuzendari Goyo Zurrorekin batera, Euskadiko Helburuko Iraunkortasun Turistikoaren Lurralde Plana aurkeztu du gaur. Plan hori Next Generation funtsekin finantzatu da eta atzo onartu zen Turismoaren Konferentzia Sektorialean.

Lurralde Plan hau Espainiako Gobernuaren Turismoaren Iraunkortasunerako Estrategiaren zati da, eta Next Generation EU berreskurapen-funtsetatik 615 milioi euro bideratuko ditu estrategia horretara. Euskadik 67 milioi jasoko ditu 3 deialditan 2023ra arte, 2021eko lehen deialdi honetan 24 milioira iritsiko gara.

Sektore turistikoaren modernizazio- eta lehiakortasun-planean edo Espainiako Gobernuaren Berreskuratze-, Eraldaketa- eta Erresilientzia-planaren 14. osagaian jasotako inbertsiorik garrantzitsuena da, eta 3.400 milioi euroko zuzkidura du sektore turistikoari zuzendutako inbertsio zuzen eta espezifikoetarako.

Sailburuak azaldu duenez, “gaur aurkezten dugun Lurralde Plan hau hilabeteetako lanaren emaitza da, bai Ministerioarekin eta Estatuko Turismo Idazkaritzarekin egindako koordinazio-bileretan, bai turismo-sektoreko eragileekin egindako bileretan”.

Ildo horretan, Ministerioarekin eta Estatuko Turismo Idazkaritzarekin izan duten lankidetza eta parte-hartze handia nabarmendu nahi izan du, hasiera-hasieratik estrategiari ekarpenak eginez. “Hasieratik bukaeraraino egon gara mahaian, aulkia hutsik utzi gabe, badakigulako funtsezkoa dela parte hartzea proiektuak aberastu ahal izateko”.

Era berean, sailburuak turismo-eragileekiko koordinazioa nabarmendu du, kasu honetan aldundiekin, udalekin, eskualdeekin eta mankomunitateekin, baita turismo-garapenerako agentziekin ere. “Euskal turismo-eragileekiko komunikazioa eta elkarrizketa etengabea izan da lehen zirriborroa jaso genuenetik. Beti izan genuen argi negoziazioetan eta planen garapenean izandako aurrerapen guztietan parte hartu behar zenutela, behin betikoak ez izan arren, ekarpenak egin, prestatu eta koordinatu ahal izateko”.

Euskadirako Iraunkortasun Turistikoaren Lurralde Plana

Euskadirako Iraunkortasun Turistikoaren Lurralde Planak 11 helmuga biltzen ditu, aurkeztu ziren 18etatik bere jarduera-programekin. Asmo handiko helburua du, helmugen modernizazioan eragin eraldatzailea bilatzen baitu, lurralde-kohesioa eta turismo-garapen orekatua indartuz, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babespean.

Araba

Gasteiz (Udala): 2,8 milioi. Villa Suso plaza eta Etxanobe lorategiak eraberritzea, ekonomia zirkularreko plana eta emisio txikiak turismo-enpresetan. Eraztun berdearen konektibitatea hobetzea, Erdi Aroko hirigunean azpiegitura berdea jartzea eta wifi sarea instalatzea.

Añanako Gatz Harana (Añanako Udala): 2 milioi. Bideak hobetzea eta Gatz Haranaren eta Gesaltza Añanaren arteko hiri-lotura. Gesaltza Añanako harresien ingurune naturalean ibilbideak egokitzea, bisitarientzako zerbitzugunea eta aparkalekua.

Iruña Oka (Udaletxea): milioi 1. Hiri-egokitzapena, natura zaintzeko instalazioa, ibilgailu elektrikoa kargatzeko sistemak.

Gipuzkoa

Donostia (Udala): 4,4 milioi. Done Jakue bidearen ingurumena lehengoratzea, mugikortasun jasangarria eta irisgarritasun turistikoa hobetzeko plana, digitalizazio-plana eta adimen turistikoa.

Irun (Udala): 2 milioi. Oiasso Erromatar Museoan ingurumena lehengoratzea, energia egokitzea eta erreserba-sistema eta termen online denda digitalizatzea, irisgarritasun-plana.

Bizkaia

Bilbao (Udala): 4,7 milioi. Artxandako topaguneko parkeko ingurumena leheneratzea, funikularraren goiko geltokia birgaitzea.

Enkarterri (ENKARTUR): milioi 1. Bizikletentzako geltokiak, zikloturisten ibilbideak sortzea, mugikortasun iraunkorreko plana, turismo-eragileak digitalizatzeko prestakuntza-programa.

Gaztelugatxe (Aldundia): 1,9 milioi. Gaztelugatxeko Donieneko hegala egonkortzea eta ermitara sartzeko bidea (Lugorri-bermeo oinezkoentzako bidea) birgaitzeko esku-hartze proiektua.

Urdaibai (Urremendi Landa Garapenerako Agentzia): 2,1 milioi. Tren-geltokiaren eta Mundakako gune turistikoaren arteko lotura hobetzea, plan zikloturista, plataforma turistiko adimenduna, tokiko produktua sustatzeko jardueren garapena.

Lekeitioko Udala: milioi 1. Mendieta ontziola birgaitzea, Garraitz uhartea parke arkeologiko gisa balioztatzea, Katalina santuaren itsasargirako irisgarritasuna eta aterpetxeen birgaitze jasangarria.

Lea Ibarra (Mankomunitatea): milioi 1. Segurtasuna hobetzea Leako Ibilbideko oinezkoentzako bidean, zurezko pasabideetan eta zoladuran; Hiruzubin bainu eta aisialdirako gunea jartzea; Bengoleako monumentu-multzoa birgaitzea.

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30