Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   FITUR 2025

Euskadiko standak ateak ireki ditu FITURen, 150 euskal enpresa turistikorekin

" Javier Hurtado sailburuak standa inauguratu ondoren, ETI (enpresa turistiko adimenduaren) egiaztagiria eman dio Gorlizeko Turismo Bulegoari eta goizean zehar Euskadiko standean euskal helmuga ezberdinetako berrikuntzen aurkezpenak hasi dira. Gainera, gaur Galiziaren standean "España Verde" marka turistikoaren koordinazioa eskualdatu da eta Euskadi marka horren parte da. " Publiko profesionalari eskainitako azoka-egunetan, 600 hitzordu aurreikusten dira lan-eremuan.

1 / 2

Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa da Euskadiko protagonista Fitur azokan; bai standean, gutun handi bat izango baitu hormetako batean, non profesionalek sinatu ahal izango duten jasangarritasunarekiko konpromiso horri berriro atxikiz. Eta, bigarrenik, gaur gauean aurkeztuko den kanpaina berrian, Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo sailburuak sektorearekin Madrilen egingo duen topaketa batean. Bertan, konpromiso etiko horrek zer suposatzen duen erakusten da eta herritarrak ere bertan sartu nahi dira.

Hurtado sailburuak eman du horren berri gaur goizean, Euskadik FITURen duen standaren inaugurazioan. Bertan izan dira erakundeetako ordezkariak eta sektoreko profesionalak. Sailburuak bere hitzaldian Euskadiko industria turistikoaren indarra nabarmendu du eta egindako bideari, sektoreak bizi duen orainaldi sendoari eta bere etorkizuna markatuko duten erronkei buruz hausnartu du sailburuak. “FITUR legegintzaldi berri baten hasiera eta etorkizunerantz argi luzeekin begiratzeko une erabakigarria da”, adierazi du. Sailburuak azpimarratu duenez, turismoa Euskadiko BPGren % 6,6 da dagoeneko, 110.000 familia baino gehiagorentzat zuzeneko enplegua sortzen du eta eragin positiboa du hainbat sektoretan, besteak beste, merkataritzan, ostalaritzan, garraioan eta kulturan, eta tokiko garapenaren eta gizarte-kohesioaren eragile gisa posizionatzen da.

Inaugurazio-ekitaldia amaitu ondoren, Hurtado sailburuak ETI turismo-enpresa adimendunaren ziurtagiria eman dio Gorlizko Turismo Bulegoari. Akreditazioa ematen den lehen aldia da, eta, beraz, Gorliz aitzindaria da arlo horretan. Ekitaldian izan dira, besteak beste, Gorlizko Turismo zinegotzia, Turismo Bulegoko arduradun eta Jataondo Landa Garapeneko Elkarteko presidentea eta gerentea.

Aldi berean, Euskadiko erakustokiak azoka-egunetako berezko jarduerari bide eman dio, eta, bereziki, lan-eremuan, non lehen 3 egun horietan 150 euskal enpresa eta erakunde biltzea aurreikusten den. Horiek hitzorduz betetako agendak izango dituzte. Izan ere, azoka hasi aurretik, 600 bileratik gora zituzten hitzartuta.

Hori da Eusko Jaurlaritzak azokan parte hartzearen helburu nagusia, eta horregatik, lan-eremuak azalera handia du enpresa gehiagori lekua egiteko eta gure sektoreari negozio-aukera gehiago sortzeko. Aurten, lan-eremu honek, iaz bezala, Basquetourrek garatutako tresna bat izango du, QR baten bidez enpresen online direktorio bat eskaintzen duena eta profesionalen arteko networkinga errazten duena. Horrela, standeko edozein bisitarik bertan dauden erakunde eta enpresa guztien informazio osoa eskuratu ahal izango du, eta haiekin zuzenean harremanetan jarri ahal izango da. Aplikazioak, gainera, enpresa bakoitza Euskadiko standean zein egunetan egongo den jakiteko aukera ematen du. Hori guztia, euskal enpresen eta Euskaditik kanpoko enpresa eta entitateen arteko topaketak errazteko helburuarekin. https://fitur.euskadibasquecountry.eus/

Baina, profesionalen arteko bilerez gain, hainbat ekitaldi eta aurkezpen izango dira egunotan, Euskadiko standaren barruan zein kanpoan. Hala, gaur arratsaldean, Galiziako standean, "España Verde" markaren koordinazioa eskualdatuko da, Euskadi Kantauriko helmugekin batera bertan baitago eta Javier Hurtado sailburua bertan izango da. Gainera, eta Euskadiko standean, euskal helmugek Madrilen ezagutarazi nahi dituzten nobedadeak aurkeztuko dira: Bilbo-Bizkaiko bi liburuxka berri, bata Bizkaiko orokorra eta bestea, liburuxka inklusiboa. "Bilbo, jaialdiaren hiria" produktua ere aurkeztuko da.

Era berean, Bizkaiak eta Arabak, Gorbeialdea helmuga duten lurraldeek, beren web orri berria aurkeztuko dute, aurpegi eta ahots berriarekin, publiko objektiboaren aurrean jarrera erabat aldatu duena.

Arabari dagokionez, BuleGO! proiektu berria ezagutzera emango da, mundu osoko nomada digitalak erakarri nahi dituena lurralde horretara workation egiteko, hau da, turismo helmugetan lan egiteko.

Bestalde, Gipuzkoak turismoa sustatzeko ekintza-plana aurkeztuko du plan estrategiko berriaren testuinguruan, eta Urola Kostak bere marka turistiko berria aurkeztuko du, Aia, Orio, Getaria, Zarautz eta Zumaia biltzen dituena.

Gaur gauean, euskal turismoaren sektorearekin topaketa

Eusko Jaurlaritzaren gaurko agenda gauean amaituko da, Euskadiko turismo-sektorearekin egingo den topaketa batekin, Madrilgo "Green Patio" gunean. Ekitaldia 21:00etan hasiko da, eta 300 bat ordezkari publiko zein pribatu bertaratzea espero da. Javier Hurtado sailburuak Euskadiko turismo-kanpaina berria aurkeztuko du, turismo jasangarriari buruzkoa, bai herritarrak eta baita bisitariak ere inplikatzeko asmoa duena, elkarbizitza eta guztion ongizatea errespetatzen dituen turismoaren ideia indartuz.

Gaueko ekitaldian hainbat bideo ere aurkeztuko dira, sektorea inplikatuta dagoen proiektuak azaltzeko.

Biharko agenda, azokaren bigarren eguna

Bihar, azokaren bigarren eguna, publiko profesionalari ere eskainia, turismo-lehiakortasuneko programek izango dute protagonismoa: Helmuga Turistiko Adimendunaren (DTI) bereizgarriak eta SICTED 2025 sariak euskal erakunde eta enpresei emateko ekitaldiak, azoka-esparruko hainbat tokitan. Baita “NocheQ 25” gala ere, Madrilgo Cibeles Jauregian.

Eta, Euskadiko standean, goizeko lehen ordutik, euskal erakunde eta enpresen bilerek jarraituko dute, baita helmuga ezberdinen aurkezpenek ere.

Euskadiko stand-ak diseinu berritzaileko 900 metro karratu ditu, eta Grand Tour Euskadi Basque Country izango du ardatz, 8 etapako bidaia, ekoturismoa, zikloturismoa, turismo industriala, gastronomia eta beste esperientzia berezi batzuk uztartzen dituena. Led pantaila handiek inprimatutako irudi tradizionalak ordezkatuko dituzte, euskal paisaiak, kultura eta gastronomia modu dinamikoan erakutsiz.

Txalapartan oinarritutako espazioaren diseinuak modernitatea eta tradizioa uztartuko ditu, tresna hori eta euskal kulturaren dinamismoa eta harmonia islatzen duten elementuak gogora ekartzen dituzten habeekin.

 

Urtarrila 2025

AL AR AZ OG OR LR IG
    1 2 3 4 5
6 7 8 9 10 11 12
13 14 15 16 17 18 19
20 21 22 23 24 25 26
27 28 29 30 31