• JASANGARRITASUN TURISTIKOA
Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planean parte hartzen duten udalerriak eta eskualdeak bildu dira, beren lehen jarduketak partekatzeko
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak koordinatutako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planean 11 helmugek parte hartzen dute, udalek, aldundiek eta eskualdeko garapen-agentziek ordezkatuta
Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Ana Muñoz Turismoko Estatu Idazkaritzako Turismo Jasangarritasunaren Garapeneko zuzendariordea bildu dira gaur Euskadiko lehen Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planean parte hartzen duten eskualde, lurralde eta udalerrietako ordezkariekin.
Modu ofizialean abenduan aurkeztu zen Lurralde Plan hori Next Generation funtsen bidez finantzatzen da, eta Espainiako Gobernuaren Turismo Jasangarritasuneko Estrategiaren parte da. Euskadik 67 milioi euro jasoko ditu 3 deialditan, 2023ra arte. Lehen deialdi honetan 24 milioi jasoko dira.
Sailburuak Ministerioarekin eta Turismoko Estatu Idazkaritzarekin izan duten lankidetza eta parte-hartze handia nabarmendu du, eta Ana Muñozek Euskadiko Ekoturismo V. Foroan parte hartu beharra baliatu nahi izan du bilera bat antolatzeko Planean parte hartzen duten udalerriekin. Hartara, proiektuen lehen jarduketak nola lantzen ari diren aztertu ahal izango da, eta zalantzak argitu eta esperientziak partekatu ahal izango dira.
Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Plana
Jardunaldian azaldu denez, Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Lurralde Planak 11 helmuga eta dagozkien jarduketa-programak barnean hartzen ditu. Horien bidez, eragin eraldatzailea izan nahi da helmugen modernizazioan, eta, horretarako, lurralde-kohesioa eta garapen turistiko orekatua indartu nahi dira, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren babesean.
Helmugak 4 ardatz nagusitan oinarrituta eraldatu eta modernizatu nahi dira.
Lehenik, trantsizio berdearen eta jasangarriaren arloko jarduketekin. Bigarren, energia-efizientzia hobetzeko ekintzekin. Hirugarren, eraldaketa digitalera zuzendutako proiektuekin. Eta, azkenik, lehiakortasun-jarduketekin.
Euskadirako Turismo Jasangarritasuneko Planean parte hartzen duten helmugak
Vitoria-Gasteiz: 2,8 milioi. Villasuso Plaza eta Etxanobe lorategiak eraberritzea, turismo-enpresen ekonomia zirkularraren eta emisio baxuen plana. Hobekuntzak eraztun berdeko konektagarritasunean, azpiegitura berdea Erdi Aroko hirigunean eta wifi-sarea.
Añanako Gatz Harana: 2 milioi. Bideak eta hiri-konexioa hobetzea Gatz Haranaren eta Añana Gesaltzaren artean. Añana Gesaltzako harresietako ingurune naturaleko ibilbideak, zerbitzugunea eta bisitarientzako aparkalekua egokitzea.
Iruña Oka: 1 milioi. Hiri-egokitzapena, naturaren zaintzarako instalazioa eta ibilgailu elektrikoak kargatzeko sistemak.
Donostia: 4,4 milioi. Donejakue Bideko ingurumena leheneratzea, mugikortasun jasangarria eta turismo-irisgarritasuna hobetzeko plana, digitalizazio eta adimen turistikorako plana.
Irun: 2 milioi. Oiasso Erromatar Museoko termen online erreserben eta dendaren sistema digitalizatzea, energia-egokitzapena eta ingurumena leheneratzea, irisgarritasun-plana.
Bilbo: 4,7 milioi. Artxandako Topaleku Parkeko ingurumena leheneratzea, funikularraren goiko geltokia zaharberritzea.
Enkartazioak: 1 milioi. Bizikletetarako estazioak, zikloturistentzako ibilbideen sorrera, mugikortasun jasangarriko plana, turismo-eragileei zuzendutako digitalizazio-prestakuntzarako programa.
Gaztelugatxe: 1,9 milioi. Gaztelugatxeko mazela egonkortzea eta ermitara iristeko bidea birgaitzeko proiektua, Lugorri-Bermeo oinezkoen bidea.
Urdaibai: 2,1 milioi. Tren-geltokiaren eta Mundakako turismo-gunearen arteko konexioa hobetzea, zikloturista-plana, turismo-plataforma adimenduna, tokiko produktuak sustatzeko jarduerak garatzea.
Lekeitio: 1 milioi. Mendieta ontziola birgaitzea, Garraitz uharteak parke arkeologiko moduan duen balioa nabarmentzea, Santa Katalina itsasargirako irisgarritasuna eta aterpetxeen birgaitze jasangarria.
Lea Ibarra: 1 milioi. Leako Ibilbideko oinezkoen bidearen zorua hobetzea, baita zurezko pasabideetako segurtasuna ere, Hiruzubin bainurako eta aisialdirako eremua egokitzea, Bengoleako monumentu multzoa zaharberritzea.