Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   FITUR 2023

Euskal turismoaren kalitatea aitortuta gaur Madrilen

Basquetourrek udalaz gaindiko administrazio publiko onenaren saria jaso du gaur goizean SICTEDen, FITURen, eta gaur gauean, 11 euskal enpresa turistikok jasoko dute kalitate turistikoaren Q zigilua.

Bizkaiko flysch-a, Barakaldoko industria-ondarea, Arabako eta Gasteizko enbaxadoreak, Irun eta Hondarribia MICE helmuga gisa, Enkarterri, Arabako Errioxa, Getxo eta Lekeitioko nobedadeak, Bilboko ABAOren opera-eskaintza, "Txakomic" proiektua (txakolina eta komikia), Brittany Ferries-en konexioak, Plazaolako Bide Berdea eta "Bilbao Fashion City"proiektua aurkeztuko dira Euskadiko standean egunean zehar.

Gainera, Estatuko turismo-ordezkari nagusiekin eta munduko OETetako zuzendariekin topaketa egin da eguerdian, eta "España Verde" markaren koordinazioa eskualdatzeko ekitaldia, Euskadiren eskuetara igaroko dena.

1 / 8

Eusko Jaurlaritzak Madrilen duen turismo-agenda, bai FITUR azokan, bai azokatik kanpo, ekitaldiz, bileraz eta aurkezpenez beteta dago, euskal enpresek eta erakundeek Euskadiko standaren lan-eremuan aurreikusitako hitzorduez gain.

 

Gaur goizean, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak udalaz gaindiko administrazio publiko onenaren saria jaso du SICTEDen aldetik, Javier Hurtado Turismo sailburuak jasotakoa. Sari hauen XIII. edizioak, Turismoko Estatu Idazkaritzak deitutakoak, 2022. urtean egindako ahalegina aitortu nahi izan du. Izan ere, profesional eta erakunde horiek, kalitate turistikoaren aldeko dedikazio bereziaren bidez, SICTED krisiaren kudeaketarako tresna baliagarria ikusi dute beren lurralde, helmuga edo antolamenduaren eremuan.

 

Euskadi programa horretan ari da lanean, eta turismo-helmuga batean kalitatea kudeatzeko sistema integral eta iraunkorra eskaintzen du, 2006tik. Beraz, proiektu sendoa eta heldua da.

 

Bestalde, 11 euskal enpresa turistikok kalitate turistikoaren Q zigilua jasoko dute gaur gauean Madrilen, Turismoko Estatu Idazkaritzak ere antolatutako ekitaldi batean. Ekitaldia Cibeles Jauregian izango da eta Reyes Maroto ministroa eta Miguel Mirones ICTEko presidentea izango ditu buru.

 

Onartutako 11 euskal enpresak Azurmendi Jatetxea (Larrabetzu), Bilbao Turismo, Gran Hotel Lakua (Vitoria-Gasteiz), Akelarre Hotela (SS), Carlton Hotela (Bilbo), Larruzz Bilbao (Bilbo), Guggenheim Bilbao Museoa, Gernika-Lumo Turismo Bulegoa, Vitoria-Gasteizko Turismo Bulegoa, Zarautz Turismo Ofizia, Gorliz hondartza eta El txakoli jatetxea (Bilbo).

 

Agenda Euskadiko standean

Euskadiko standa ere hainbat ekitaldiren eta aurkezpenen agertoki izango da gaur. Ekitaldien artean, aipatzekoa da Javier Hurtado Turismo sailburuak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendariak Fernando Valdes Turismoko Estatu idazkariarekin eta munduko OETetako zuzendariekin izan duten topaketa, baita Estatuko beste ordezkari turistiko batzuekin ere, Euskadiko standean. FITUR azokaren ospakizunetan ohikoa izan den topaketak aurten nazioarteko sustapenean aurreikusitako ekintzak programatzeko balio izan du.

 

Aurkezpenei dagokienez, gaur goizean Bizkaiko flysch-ak 2023an flysch-aren inguruan gozatu ahal izango diren esperientzia eta planen eskaintza aurkeztu du. Barakaldok bi langile-ibilbide berri, promozio bideo bat eta liburuxka bat aurkeztu ditu, industria turismoari lotuak. Arabako eta Gasteizko aurtengo enbaxadoreak ere aurkeztu dira: Cristina Villanueva, Antonio Pagudo eta Vicente Valles. Bestalde, Irunek eta Hondarribiak MICE baliabideen eta turismoaren gida aurkeztu dute, eta Enkarterrik eskualdeko ZAP laguntzekin lotutako proiektuak aurkeztu ditu (eskualdean autokarabanen eremu berriak sortzea, plataforma digital bat eta mugikortasun iraunkorreko proiektu bat), baita Meatzaldeakoak ere (Abanto-Zierbenan Burdinazko Mendien Bide Berdea eta Muskizen Kobaron).

 

Halaber, Bizkaiko Txakolina eta Euskal Komikia uztartzen dituen “Txakomic” ekitaldiaren 3. eta azken edizioa aurkeztu da. Bakioko Txakolingunean eta Mendibile Jauregian egiten da, udaberrian, komikien eta txakolinaren munduarekin lotutako jarduerekin.

 

Bestalde, Arabako Errioxak gogorarazi du autobus turistikoak Bilbotik eta Gasteiztik irteerak egingo dituela berriro, Arabako eskualdean egun bat igarotzeko, inguruko herrietako batera, upategi batera eta wine bar batera bisita egiteko eta bazkari batera joateko aukerarekin.

 

Getxok aurtengo esperientzia eta planen eskaintzaren berri eman du. Bertan, 5 izarreko Arriluce Jauregi Hotel berria inauguratuko da.

 

Euskadik Espainia Berdea marka koordinatuko du aurten

Gaur arratsaldean Euskadik Kantabriaren eskutik jasoko du 2023rako “España Verde” markaren koordinazioaren lekukoa.

 

Bihar, ostirala, profesionalentzako azokaren azken eguna, bilerak eta aurkezpenak jarraituko dute Euskadiko standean. 

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31