Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA

Gaur Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dugu

Hori dela-eta, euskal erakundeek adierazpen ofizial bateratua adostu dute, euskararen legeoaren 40. urteurrena betetzen denean eta adostasuna, etorkizunaren giltzarri gisa aldarrikatuz.

Euskal erakundeek, hau da, Eusko Jaurlaritzak, hiru foru aldundiek eta 3 hiriburuetako udalek adierazpen ofizial bateratua adostu dute, gaur Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen dela eta.

 

Adierazpenean esaten da “Autogobernuaren eskutik egin duela euskarak milaka urteko bere historian ezagutu duen aurrerabiderik sendoena, euskal herritarron ezinbesteko kontzientzia eta ekimena oinarri hartuta” eta “gaur, Euskararen Nazioarteko Egunean hain zuzen ere, datu soziolinguistiko zehatzetan oinarritzen den baieztapen hori lau haizetara zabaltzeko egokieran baldin bagaude, zintzotasunez aitortu behar dugula euskararen eta euskaldunon historian ohorezko tokia duen ekimen bat dagoela aurrerabide horren iturburuan”.

 

Aurten berrogei urte bete ditu Euskararen Erabilera Normalizatzeko Oinarrizko Legeak, 1982an onartu zenez geroztik Euskararen Legetzat ezagutzen dugunak, “arau nagusi hori baitute berme eta oinarri euskarak alor guztietan egin dituen urratsek. Hartan dituzte sustraiak eta ezinbesteko lege-babesa administrazioaren, irakaskuntzaren, hedabideen, helduen euskalduntzearen, esparru zientifikoaren, lan munduaren eta gizarte erabileraren alorretan, besteak beste, hartu diren neurriek. Hartan du zimentarri gaurko errealitatera ekarri gaituen arautegiaren lege-eraikinak”. Eta benetako indarra eta iraunkortasuna eman dizkion ezaugarria “adostasun zabal sendo baten gainean eraikitako legea dela da, eta hortik datorkiola, besteak beste, eraginkortasuna. Asko zor dio euskarak adostasunari, eta deus ere adostasun ezari. Adostasuna baitu euskararen etorkizunak giltzarri; hondamendi luke euskarak, ordea, adostasun eza. Eta adostasunak borondatea du oinarri ezinbesteko. Borondatea, eta eskuzabaltasuna noski, behar baitira buru-bihotzetan abiaburu eta helmuga ezberdinak ditugunon artean diagnosiak eta aurrerabiderako urratsak adostea. Ez da inola ere eginkizun erraza; bai, ordea, euskararentzat ezinbestekoa. Ausardia eta zuhurtzia orekatzea eskatzen du adostasun eraginkorrak, hilda jaiotzen baita neurri bizkorregi zein geldoegi oro”.

 

Adierazpenak gaineratzen du euskarak badakiela aldeko egokierak baliatzen, eta badakiela, era berean, behar denean aukera hobearen zain egoten; baina ez duela, neurri berean, denbora inoizko larretan galtzerik.  Euskarak neurri berean baitu ezinbestekoa inor ez atzean uztea eta aurrera urrats bizi bezain sendoz egitea.

 

Euskal erakundeek uste dute esperientzia positivo honetan sakontzen jarraitu behar dugula, ez bakarrik Euskararen mesedetan, baita euskal hiztunon eta euskal herritar guztion, eta euskal gizartearen kohesioaren onurako ere.

 

Era berean, testuak Euskaraldia ekimena aipatzen du, atzo bukatu zena eta Basquetourrek bere atxikimendua eman ziona, “aukera paregabe gisa esku-eskura adostasunaren baliagarritasun praktikoa egiaztatzeko, deigarria eta pozgarria delako “Euskaraldiak biltzen duen adostasun sozial eta politikoaren neurria. Baina pozgarri eta deigarri ez ezik, baliagarri eta bide-erakuslea ere bada adostasun hori, euskararen benetako ardura praktikoa bere gain hartzen duen gizarte eleaniztun bat eraikitzerakoan”. Ekimen honek ”denon begien bistan agerian jartzen baitu, adostasuna duela euskarak aurrerabiderako lema, erabileraren aldeko gizartearen eta norbanakoaren konpromiso tinkoarekin batera, ekimen publiko eta pribatuaren arteko lankidetzarekin batera, elkarren onespen zintzoarekin batera”.

 

Adierazpena bukatzen da adostasuna eta kontzilioaren mezua azpimarratuz: “Euskarak batzen gaituelako, ez inola ere banatzen. Adostasunean”.

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31