Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   COVID-19: LAGUNTZAK

Javier Hurtado sailburua: "Erresistentzia Planak 114 milioi injektatu ditu Euskadiko 14.000 turismo-establezimendu eta -enpresatan baino gehiagotan"

" Sailburuak iragarri du dagoeneko onartu dutela 4,7 milioi euroko merkataritza-bonu berria eta % 30eko deskontua eskainiko duela erosketetan urriaren amaieratik aurrera

1 / 2

Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak agerraldia egin du gaur, berak eskatuta, Eusko Legebiltzarrean, pandemiaren ondorioz zabaldutako Erresistentzia Plana azaltzeko. Agerraldian, plan horretara bideratutako 114 milioien helmuga banakatu du: zuzeneko laguntzak, ohiko laguntzak, kontsumorako bonuak eta bestelako sustapen- eta dinamizazio-neurriak.

Sailburuak azaldu duenez, bere lehen agerraldian, duela urtebete, krisiari aurre egiteko konpromisoa hartu zuen: "Lehenik eta behin, erresistentzia-fase batean, jarduerari eta enpleguei eusteari dagokionez kalte handiena jasan duten sektoreei lagunduz. Bigarrenik, suspertzeko eta krisitik ateratzeko fase batean, jasangarritasuna eta eraldaketa digitala erdigune izango dituen etorkizunerantz sektorea proiektatuko duten neurriekin".

Konpromiso horrek 3 ardatz sendo zituen oinarri: gobernu-programa, gobernantzan oinarritutako leialtasun instituzionala eta sektorearekiko aliantza. "Eta konpromisoa hartu nuen politika publikoak ebaluatzeko eta gardena eta argia izateko sail honen kudeaketan eta euskal herritarrekin dugun konpromisoan. Horregatik, konpromiso horien berri eman nahi dut gaur Legebiltzarrean".

2020an eta 2021ean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, Erresistentzia Planaren bidez, 114 milioi euro injektatu ditu zuzenean EAEko ostalaritzako eta merkataritzako establezimenduetan eta turismo-enpresetan. Horietatik 86,2 milioi aparteko laguntzetara bideratu dira, 17,4 milioi ohiko laguntzetara eta 10,4 milioi kontsumorako bonuetara.

"Laguntza horiek zuzenean iritsi zaizkie familiei, 9.000 ostalaritza-establezimenduren baino gehiagoren arduradunei, 3.700 saltokiri baino gehiagori eta 1.300 turismo-enpresari baino gehiagori. EAEko 14.000 turismo-, ostalaritza- eta merkataritza-establezimenduk, gutxienez, laguntza bat edo gehiago jaso ahal izan dute beren jarduerari eta enpleguei eusten laguntzeko, krisi gogorreko une batean.

Merkataritza-bonu berria

Sailburuak azaldu duenez, "Tokiko merkataritzari laguntzeko, funtsezkoa da kontsumo arduratsua sustatzeko neurrien alde egitea, eta horien barruan garrantzi handia dute kontsumorako bonuek. Horregatik, merkataritza-bonuaren beste deialdi bat egin dugula jakinarazi nahi dizuet. Euskadi Bono Denda izena du eta 4,7 milioi euroko zuzkidura dauka. Zenbateko horrek 14 milioi eurotik gorako eragin ekonomikoa izango du erosketetan".

Bonuak 10 euroko deskontuetan oinarritzen dira 30 eurotik gorako erosketetarako. Horrek erosketen % 30etik gorako deskontua dakar.

 

Bonu berria astearte honetan onartu du Gobernu Kontseiluak. Datorren astean argitaratuko da EHAAn, eta saltokiei 3 asteko epea emango zaie atxikitzeko. Hortik aurrera, 2 fasetan abiaraziko da (Gabonetako puntako salmentekin bat ez egiteko): lehen fase bat urriaren amaiera aldetik abenduaren 5era arte eta beste fase bat 2022ko otsailaren 10etik martxoaren 31ra arte.

Aurreko deialdiarekin alderatuta, zenbait hobekuntza egin dira, bai kontsumitzaileentzat, bai establezimenduentzat. Alde batetik, pertsona batek truka ditzakeen bonuen kopurua 4tik 5era handitu da. Bigarrenik, bonuak erabili ahal izateko adina jaitsi da eta 16 urtetik aurrera izango da.

Javier Hurtado sailburuak, azkenik, honako hau gogorarazi du: “Egoera ez da duela urtebetekoa, eta erresistentzia-fasea amaitzen ari da. Egia da oraindik ez dela guztiok nahi dugun normaltasun-egoera, eta jakin behar dugula pandemiarekin bizi garela. Eta, hain zuzen ere, harekin bizi behar izateagatik, suspertze eta aktibazio ekonomikoko fase batean ere pentsatu behar dugu".

Sektorea suspertzeko eta aktibatzeko plana

Eta bideratzen ari gareneko fase berri honetan, 3 ardatz izango ditugu:

 

  • Lehenik eta behin, turismo-, merkataritza- eta kontsumo-plan estrategikoak ezartzea. Horietan jaso behar dira turismo jasangarriaren, merkataritza lehiakor eta sendoaren eta kontsumo arduratsuaren kudeaketa bideratuko duten ildoak.

 

  • Bigarrenik, turismoaren eta merkataritzaren arloko Europako Next Generation funtsak koordinatzea, helmugen etorkizuneko proiektuei bultzada handia emateko.

 

  • Eta, azkenik, kontsumitzailearen estatutu berri bat garatzea, kontsumoaren Plan Estrategikoaren parekoa. Estatutu horrek sakondu egingo du kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubideen defentsan eta kontsumo arduratsua ohitura berrietara egokitzean.

 

 

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31