Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   EUSKO LEGEBILTZARRA

Javier Hurtado sailburuak Legebiltzarrean azaldu du Euskadik egindako lana alokairu turistikoko plataformen eskakizunak gogortzen laguntzeko Europako Erregelamendu berrian

Europako Parlamentua Europako Batzordeak egindako proposamen hau eztabaidatzen ari da: "Iraupen laburreko alokairuei buruzko datuak biltzeko eta trukatzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamendu-proposamena".

Eusko Jaurlaritzak defendatzen du plataformek nahitaez jaso behar dutela etxebizitzen erregistro-zenbakia, eta zehapen-araubidea argitu behar dela, administrazio eskudunek, besteak beste Euskal Autonomia Erkidegoak, Erregelamendua betetzeko eta hura indarrean jartzeko epeak laburtzeko eska diezaieten plataformei .

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok agerraldia egin du gaur Legebiltzarreko Merkataritza, Turismo eta Kontsumo Batzordean, berak hala eskatuta, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila erabilera turistikoko etxebizitzen arloan egiten ari den lanak azaltzeko. Zehazki, Euskadiren zeregina eta aldarrikapenak azaldu nahi izan ditu sailburuak, proposamen honi dagokionez: “Iraupen laburreko alokairuei buruzko datuak biltzeko eta trukatzeko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren Erregelamendu-proposamena”.

 

Erregelamendua aurrerapauso garrantzitsua izango da erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen jardueren gaineko kontrola hobetzeko; izan ere, nazioko, eskualdeko eta tokiko agintariei online plataformekin datuak trukatzeko tresnak eman nahi dizkie.

 

Ildo horretan, sailburuak azaldu duenez, Erregelamendu proposamenak jorratzen duena da “Eusko Jaurlaritzak aspalditik eskatzen duen zerbait: iraupen laburreko alojamenduen alokairu-zerbitzuei buruzko datuak biltzea eta trukatzea. Euskadik parte hartu du bere ikuspegia emanez autonomia-erkidego gisa parte har dezakeen eremu guztietan, lehenik eta behin zuzenketak eginez Eskualdeetako Komiteak martxoan egindako irizpenerako. Bigarrenik, Espainiako Gobernuari helaraziz, Turismoko Estatu Idazkaritzaren bidez, erabilera turistikoko etxebizitzen gaian eskumena duten administrazioen beharrak eta aldarrikapenak. Eta, hirugarrenik, Bruselarako bidaian eta beste bide batzuetatik egin ditugun bilera eta kontaktuen bidez”.

 

Hala, sailburuak Bruselan izandako bileren berri eman du. Bilera horietako bat Kim Van Sparrentak eurodiputatuarekin izan zen, bera izan baita Europako Parlamentuak Europako Erregelamenduaren proposamenari buruz egindako txostena defendatu duena. Era berean, bilera bat egin zuen Europako Batzordean Barne Merkatuaren, Industriaren, Ekintzailetzaren eta Enpresa Txiki eta Ertainen Zuzendaritza Nagusiko zuzendariondoko Hubert Gambsekin, iraupen laburreko alokairuen araudiaren testuaren arduradunarekin.

 

Era berean, sailburua IMCO Barne Merkatuaren eta Kontsumitzaileen Parlamentuko Batzordeko kide diren europarlamentari batzuekin bildu zen. “Eta erantzun positiboa jaso dugu, gure aldarrikapenak ulertzen dituztelako eta jakin badakitelako agintari eskudunak garela, bai tokiko mailan, bai maila autonomikoan, gure lurraldeen errealitatea gehien ezagutzen dugunak. Izan ere, Kim Van Sparrentak hizlariak berak eskerrak eman zituen Barne Merkatuko Batzordean egindako hitzaldian Euskadiren ekarpenagatik”.

 

Sailburuak azpimarratu duenez, “Erregelamendua galdu behar ez dugun aukera bat da. Ezkutuan jarduten ari diren bizitoki askoren zigorgabetasuna plataformek tokiko agintariekin duten lankidetza eta gardentasun faltaren ondorio da. Jarduera klandestinoaren kontrola zaildu egiten da plataforma horien lankidetzarik gabe, eta Euskaditik behin eta berriz esaten jarraituko dugu beharrezkoa dela horretan eragitea Europa mailako araudi honetan”.

 

Horregatik, sailburuak azaldu du Euskadik, Eskualdeetako Lantaldean aurkeztutako zuzenketez gain, horiek aurrera eramateko arduradunekin egindako bileretan defendatu duela araudi berrian honako 3 puntu hauek aplikatzea:

 

Lehenik eta behin, plataformen eskakizunak gogortzea, besteak beste, erregistro-zenbakia sartzera behartuz iragarki guztietan, erabilera turistikoko etxebizitzei eta logelei buruzko 101/2018 Dekretuak eskatzen duen bezala. Nahitaezko erregistro-zenbaki bat sartuta, eta halakorik ez duten etxebizitzak iragartzea eragotzita, aurrera egingo genuke iruzurrak kontrolatzeko. Horrela, gainera, datuen truke erregularraren ondorioz sortuko liratekeen ondorengo egiaztapenak eta ikuskapenak nabarmen erraztuko lirateke. “Europako Erregelamenduaren 7. artikuluak anfitrioien betebeharrak jasotzen ditu, plataformei jakinarazteko erregistro-zenbakia adierazi behar den eskualde edo erkidego batean daudela. Eskatzen duguna da plataformek nahitaez sartu behar dutela erregistro-zenbakia, eta betebehar hori ez dadila soilik anfitrioiaren gain geratu”.

 

Bigarrenik, zehapen-araubidea argitzea, administrazio eskudunek, Euskal Autonomia Erkidegoak kasu, plataformei Erregelamendua benetan betetzeko eskatu ahal izan diezaieten. 31. oharrak eta 15. artikuluko 2. paragrafoak estatu kideek zehapenei buruzko arauak ezartzeari egiten diote aipamen. “Eskatzen dugu 15. artikulu honetan aipatzea, halaber, estatu kideak izendatutako agintariek eskumena dutela 7. artikuluaren 1. paragrafoa betearazteko, ez bakarrik 2. eta 3. paragrafoak, baita 9. artikulua ere. Horrela, erregistro-zenbakia jasotzen ez duten plataformak zigortu ahal izatea bermatuko litzateke, nahitaezkoa denean”.

 

Eta hirugarrenik, erregelamendu hori 6 hilabeteko epean abiarazteko prozesua azkartzea, Batzordeak hasieran egindako 24 hilabeteko proposamenaren aurrean. “Erregelamenduak berak zehazten du erregistro-prozedura bat ezarrita dagoen lekuetan aplikatuko dela, eta ez zaiela betebeharrik ezarriko, gureak ez bezala, gai hori arautzeko lege-esparrurik garatu ez duten lurraldeei. Euskadin prest gaude horretarako, Espainiako Gobernuarekin leihatila bakarreko sistema ezarri bezain laster, Erregelamenduak zehazten duen bezala. Horregatik, bere aplikazioa azkartzeko eskatzen dugu”, esanez amaitu du sailburuak. 

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30