Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   GASTRONOMIA

Javier Hurtado Turismoko sailburua: "gastronomia da oraindik ere Euskadira iristen diren bidaiarien motibazio nagusia"

- Sailburuak eman dio amaiera Fernando Canales chefak, lehenengo mundu biraren 500. urteurrena dela eta, gastronomiaren garrantziaren inguruan ItsasMuseumen emandako hitzaldiari.

Javier Hurtado Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak eman dio amaiera Bizkaiko Merkataritza Itsasketako Kapitainen Elkarteak Elcanoren mundu biraren 500. urteurrena dela-eta antolatutako hitzaldiari.

Hitzaldia Fernando Canales sukaldariak eman du, eta XV. eta XVI. mendeetako gastronomian espeziek zuten garrantzia eta Lurraren zirkumnabigazioa osatu zuen lehenengo bidaia haren bultzatzaile gisa bete zuten eginkizuna azpimarratu du. Sailburuak jakitera eman du, bestalde, gastronomia dela Euskadira bidaiatzeko arrazoi nagusia, eta urtez urte gora egiten duen joera dela adierazi du.

Hurtadoren ustez, euskal gastronomia balio handiko baliabide bat da, Euskadiren irudiari asko laguntzen diona; izan ere, ez da jatetxerik garrantzitsuenetan geratzen, baizik eta baita miniatura sukaldaritzan, kalitatezko produktuan, taberna, sagardotegi, upeltegi eta horietako profesionaletan ere.

Alde horretatik, Hurtadok nabarmendu du sektoreak pandemia garaian erakutsi duen profesionaltasuna eta erresilientzia, bai eta Sailaren erresistentzia plana ere, sektore horietara 100 milioitik gora bideratu baititu.

Sailburuak gastronomiaren garrantzia berretsi du, eta lurraldearen identitatea eratzean betetzen duen eginkizuna nabarmendu du, “jaten duguna gara, baina jaten dugun hori historia baten, eragin batzuen, mestizajearen, emaitza da”, esan du. “Nik ez dakit nolakoa izango den Euskadiko sukaldaritza hemendik hogei urtera” –laburbildu du Hurtadok– “baina gauza bat dut argi: ziur nago abangoadia izango garela, erreferentzia izaten jarraituko dugula eta gure sukaldaritza oraindik ere askotarikoagoa izango dela. Izan ere, gizarte abegitsu eta ireki gisa gurera iristen diren pertsonak integratzen ditugun era berean, etortzen direnek ekartzen dituzten zaporeak geureganatzen dakigu”.

Aurten euskaldun batek, Juan Sebastián Elcanok, munduari emandako lehenengo biraren 500. urteurrena bete da. Itsasontzi haietan Espainiako eta Europako lurralde askotako tripulazioa zegoen. Ahalegin kolektibo hori esplorazioak edo bidaiak ekarriko zien loriarekin zerikusirik ez zuen arrazoi batengatik hasi zen: espezien sorlekura, gaur egun Moluka izenez ezagutzen ditugun irletara, iristeko bide bat aurkitzea.

Horregatik, amaitu du esanez Hurtado sailburuak, Espainiako bost autonomia-erkidegok erabaki dute koordinatuta elkarlanean jardutea Elcano bideari euskarria eta proiekzioa emateko. Turismo-baliabide hori autonomia-erkidego bakoitzeko eskaintzari batu zaio, lehen zirkumnabigazioaren aurreko historiaren hariaren bidez.  

Sailburuak nabarmendu du hain beharrezkoa izan den elkarlana, izan ere, “pandemia honek erakutsi digu batuta baino ezin diegula aurre egin tamaina honetako munduko krisiei. Europar Batasunarekin, Espainiako Gobernuarekin eta autonomia-erkidegoon artean koordinatuta jardunda izan baititzakegu hain egoera zailetatik irteteko behar adina baliabide”, esan du.

 

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30