• FITUR 2024
Lehiakortasun turistikoa ere egongo da Basquetourren agendan FITURen
Profesionalei zuzendutako azokako ia egun guztietan foroak, bilerak, sari eta egiaztagiri-banaketak eta aurkezpenak izango dira, Madrilen.
Aurten ere, Madrilgo turismo-azoka, FITUR, turismo-lehiakortasunarekin lotutako hitzordu ugariren esparrua izango da, eta Basquetour bertan izango da.
Aipatzekoak dira Turismo Helmuga Adimendunaren bereizgarriak banatzeko ekitaldia, SICTED 2024 Sariak eta Q 2024 Gaua, urtarrilaren 25ean, osteguna, non euskal enpresa eta erakunde turistikoek programa hauetan egindako lanagatik sarituak izango diren.
Gainera, FITURen, asteazkenean, hilak 24, aurkeztuko da Turismo Enpresa Adimenduna araua. Horri esker, turismo-enpresek metodologia bat landuko dute, eta metodologia horri esker, datuak jaso, kudeatu eta aztertuko dituzte, informazio hori ezagutza bihurtuko dute eta erabakiak hartzeko erabiliko dute, negozioen lehiakortasuna eta produktuen eta zerbitzuen optimizazioa hobetzeko. Horrela, helmugez gain, enpresek ere landu ahal izango dituzte alderdi horiek.
Egun horretan bertan, turismo-lehiakortasunari buruzko bi bilera egingo dira. Alde batetik, SICTED Helmugen arteko Batzordea bilduko da, eta, bestetik, Kalitate Turistikoko Lantaldea.
Eta, azkenik, Basquetourrek parte hartuko duen bi foro. Lehenengoa FITURen inaugurazioaren bezperan egingo da, asteartean, hilak 23: Exceltur-en Lidergo Turistikoaren XII. Foroa, eta hurrengo egunean, OMTren Zuzendaritza Batzordea bilduko da. Bertan, 2024rako nazioarteko turismoaren lehen ebaluazioa argitaratuko du, funtsezko arlo politikoak nabarmenduko ditu eta estatu kideekin, bazkideekin eta sektore publiko eta pribatuko liderrekin harremanak sendotzeko testuingurua eskainiko du.
Horiek guztiak Basquetourren lehiakortasun-agendakoak dira, eta datorren astean zehaztuko ditugu, gertatu ahala.