• COVID 19
Merkataritza eta turismoaren sektoreak laguntzak eskuratuko ditu COVID-19ko alertan ixtearen ondorioak arintzeko
" Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila gaur bildu da 2 bideo-konferentziatan turismo eta merkataritzaren sektoreko ordezkariekin, COVID-19ko Ezohiko Laguntzen Programa azaltzeko. " Eusko Jaurlaritzaren 30 milioiko funtsa turismo, merkataritza eta ostalaritzara bideratuko da batez ere, Agindu honetako 15 milioien bidez; Lanbideren bidez, beste 15 milioi baliatuko dira, eta horien erdia baino gehiago sektore horiei dagozkie. " Laguntza hauek jada ezarri direnen osagarriak diren laguntzen estrategia batean kokatzen dira, eta asmoa da jardunak bi epetan egitea: erresistentzia eta ekonomiaren susperraldia.
Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Isabel Muela Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak lagunduta, 2 bilkura egin ditu gaur Turismoko sektorearekin (hotel- eta ostalaritza-elkarteekin, ekitaldiak antolatzeko enpresekin, turismo-gidekin) eta merkataritzako elkarte eta federazioekin, COVID-19ko Ezohiko Laguntzen Programa azaltzeko.
Sailburuak azaldu du bere Sailak beharrezkotzat jotzen duela zuzeneko diru-laguntzen lerro bat ezartzea Euskal Autonomia Erkidegoko turismo- eta merkataritza-sektoreei bizirauten laguntzeko, pandemia zabaltzetik sortutako berehalako ondorioetarako. Asmoa da babesa eta eragin hori albait gehien txikitzeko laguntza ematea eta, osasun-alarma bukatutakoan, jarduera lehenbailehen berriz bizkortzea.
EAEko turismoaren industriaren jarduerak % 6,1eko pisua du gure BPGan, eta 100.000 afiliatutik gora Gizarte Segurantzan (guztizkoaren % 10). Bada, bere kideen artean bi antzeko errealitate ditugu:
- MikroETE egiturak (turismoko establezimenduen % 86 inguruk 5 enplegatu edo gutxiago ditu), eta pertsona autonomoen multzo handi bat (turismo-jarduerak sortutako enpleguaren % 20).
- Jarduera-ezak, salmenta edo eskaeretako murrizketak edo hornidura-kateko etenek funtzionamendu normala eta bideragarritasuna kinka baten jar ditzaketen likidezia-arazoak eta galerak sor ditzakete ezustekoa eta mundu osokoa den salbuespeneko testuinguru honetan, eta 14.500 turismo-establezimenduri baino gehiagori eragiten die.
Merkataritzan, sektoreak duen pisu sozioekonomikoa zenbakietan geratzen da nabarmen, hala BPGaren aldean duen pisu espezifikoren bidez (% 10,6koa) nola enplegua sortzeko duen ahalmenaren bidez; izan ere, 138.000 afiliatu ditu guztira 2019aren amaieran (txikizkako merkataritza-sektoreari lotutako 83.868 afiliazio)
Txikizkako merkataritza-sektorearen jarduerak bi oinarri ditu: mikroETE enpresa-egiturak (% 78k 2 enplegu baino gutxiago ditu, eta % 93 5 langile baino gutxiago dira) eta pertsona autonomoen multzo handi bat (txikizkako merkataritza-sektorean sortutako enpleguaren % 34 osatzen baitute). Alarma Egoerak 12.600 saltokiri erasan die.
Sailaren Plan hau laguntza osagarriko estrategia batean kokatzen da, eta bere jardunak bi epetan banatzeko asmoa du:
- Lehen epe honetan, bilatzen da Euskal Autonomia Erkidegoko turismo eta merkataritzaren sektoreko balio-katea osatzen eta jarduera eten duten pertsona fisiko eta juridikoen erresistentzia laguntza ekonomikoz hornitzea. Horregatik, ezohiko laguntzen Programa hau jarduera nagusitzat turismoa edo merkataritza duten autonomoei eta mikroenpresa eta enpresa txikiei zuzentzen zaie, pentsatzen baitugu tamaina handiagoko erakundeek gaitasun handiagoa dutela bestelako laguntzak eskuratzeko.
- Ondoren, bilatzen da ekonomia eta turismo eta merkataritzaren jarduera bizkortzeko akonpainamendua ematea, sektorea ekonomiaz zein instituzionalki bultzatuz (kontsumo-bonuen, laguntza espezifikoen egokitzapenen, kanpainen eta abarren bitartez).
Erakunde onuradunak
Turismoan, negozio-bolumenaren aldetik, turismoa jarduera nagusitzat duten autonomoak, mikroenpresak eta enpresa txikiak, baldin eta haien jarduera osasun-alarmaren aldian guztiz etenda geratu bada.
- Turismo-alojamenduko establezimenduak.
- Jatetxe-enpresak.
- Bitartekaritzako turismo-enpresak.
- Turismo-garraioko enpresak.
- Turismo aktiboko enpresak.
- Turismo-gidariak.
Merkataritzan, Ezohiko Agindu honetan zehaztutako laguntzak eskuratu ahal izango dituzte jarduera nagusitzat (negozio-bolumenari erreparatuz) txikizkako merkataritza duten autonomoek, mikroenpresek eta txikizkako enpresa txikiek.
Diruz lagunduko diren kontzeptuak
Funtzionamenduko eta ohiko gastuak, salbu eta langile-gastuak (soldatak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak):
- Jarduera egiten den establezimendua erosi izanari aurre egiteko hipoteka-maileguen kuotei edo establezimenduaren alokairuko ordainagiriei dagozkien ordainketak (amortizazioa + interesak), amaitutako hurrenez hurreneko hiru hilabeteri dagozkienak, alarma-egoera indarrean jarri zenetik 2020ko abuztuaren 31 arte
- Osasun alarma-egoera indarrean jarri aurretik erositako produktu galkor edo freskoz hornitzeko erosketaren gastua, edo itzuli edo birnegoziatu (merkataritzan) ezin izan diren sasoiko produktuen izakinak finantzatzearen gastua.
- Osasun alarma-egoeragatik jarduera ixtean sortutako ohiko gastuak, adibidez: hornidurak, kanpoko zerbitzuen kontsumoak edo ordainketa; COVID-19aren eraginari lotutako askotariko laguntzen gaineko aholkularitza- eta kudeaketa-gastuak; tokiko, eskualdeko, lurraldeko edo EAEko ostalaritza, merkataritza eta turismoaren arloko elkarteetako kidetzaren kostuak, alarma-egoera indarrean jarri zen unetik gehienez ere 6 hilabeteko aldirako.
- Alarma-egoera indarrean jarri aurreko bost urtean egindako inbertsioen epeei dagozkien ordainketak, edo inbertsio horiek finantzatzeko hurrenez hurreneko hiru hilabeteren kuotei dagozkienak (amortizazioa + interesak).