Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   TURISMO GASTRONOMIKOA

Retortillo: “Argi eta garbi turismo gastronomikoaren aldeko apustua egin duen lurraldea da Foro hau egiteko gune egokiena"

Turismo Gastronomikoaren Munduko V. Foroa 2019ko maiatzaren 2an eta 3an egingo da Donostian. Aurtengo edizioan, Foroa bultzatzeko asmoz, bat egin du Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak. Enplegua sortzen eta ekintzailetza sustatzen turismo gastronomikoak egiten duen ekarpena jorratuko da Kongresuan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok, gaur, Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroaren V. Edizioaren aurkezpeneko prentsaurrekoan hartu du parte. Foroa Turismoaren Mundu Erakundeak, Eusko Jaurlaritzak, Gipuzkoako Foru Aldundiak, Donostiako Udalak eta Basque Culinary Center erakundeak sustatu dute. Aurten, Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioaren babesa ere jaso dute.

Sailburuak Euskadin gastronomiak eta honekin lotutako turismoak duten papera azpimarratu du. “Euskadin sukaldaritzaren iraultza sukaldea eta kultura uztartzeko borondatetik sortu zen. Sukaldari ameslarien talde baten motibazioari Administrazioaren babesa gehitu zitzaion sukaldaritza berria herri-marka bihurtzeko. Eta partekatutako arrakasta hartan oinarrituta, erakundeek beste urrats bat emateko beharra ikusi genuen, ezagutza hori, tradizio hori eta beharrezko prestakuntza hori sendotzeko”.

Horregatik, Retortillok honako hau azpimarratu du: “Eusko Jaurlaritzak munduan aitzindaria den erakunde akademiko bat sustatzea erabaki zuen, Basque Culinary Center. Erakundea 2011n inauguratu zen eta gaur Turismo Gastronomikoaren Munduko Foro hau antolatzen du”.

Foro hau egiteko ez dago turismoaren arloan ardatz enogastronomikoaren alde apustu argia eta garbia egin duen lurralde bat baino ingurune hoberik. Gure eskaintza turistikoa eta gastronomikoa nabarmentzeko elementu guztiak ditugu: sukaldari ezagunenak; Michelin izarren kontzentrazio handiena; une honetan gauden unibertsitate gastronomiko berritzaileena; kalitate eta prestigio gastronomikoa; eta, jakina, profesional bikainak” aipatuz amaitu du Retortillok.


Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa

Turismoaren Mundu Erakundearen Foroa 2015. urteaz geroztik egiten da eta, bi urtez behin, Donostian ospatzen da. Aurtengo edizioaren ildo nagusia Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) bat datorren enplegua sortzea eta ekintzailetza sustatzea izango da.

Turismoaren Mundu Erakundearen Turismo Gastronomikoaren Munduko Foroa turismoko eta gastronomiako adituen artean esperientziak trukatzea sustatzeko helburuarekin sortu zen, jardunbide egokiak identifikatzeko eta turismo gastronomikoa herrialdeen garapen-faktore gisa sustatzeko.

Azken urteetan gastronomia ezinbesteko elementu bihurtu da lurralde baten kultura eta bizimodua ezagutzeko.

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30