Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   TURISMO MAHAIAREN BILERA

Retortillo sailburuak: “Turismoaren fiskalitateak ekarria egin behar dio Euskadiren onura orokorrari”

Gaur aurkeztu da Turismo Mahaiaren aurrean bertara sindikatuak sartu ahal izateko dekretuaren aldaketa-proiektua. Retortillo sailburuak Sailaren proposamena azaldu du egonaldi turistikoei zerga ezartzearen inguruan. Udal autonomia dago sailburuak planteatutako irizpideen artean, zerga ezartzeko edo ez ezartzeko orduan eta turismo jasangarriko politikak sustatzera zuzenduta egon behar du.

Turismo Mahaia gaur goizean bildu da, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak deituta. Bileran izan dira Aldundietako, euskal hiriburuetako udaletako eta Eudeleko ordezkariak, Merkataritza Ganberetakoak, unibertsitate eta turismo-eskoletakoak, alojamenduetako eta ekitaldien antolamendurako enpresetakoak, bidaien eta giden agentzietakoak, ostalaritzako elkarteetakoak, baita kontsumitzaileen ordezkariak ere.

Aztergaien artean 2 dekretu-proiektuak zeuden. Batetik, turismoko enpresen eta jardueren erregistroa arautzen duen dekretu-proiektua. Eta, bestetik, Turismo Mahaia arautzen duen dekretuaren aldaketa, sindikatuen ordezkaritza bertan sartzeko, besteren artean, turismoaren eremuan enpleguari buruz duten ikuspegia barneratu dezaten.

Proiektu horiez gain, Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Alfredo Retortillok Sailak jarraitutako prozesua azaldu du Mahaiaren aurrean, egonaldi turistikoen gaineko zerga baten ezarpena aztertzeko. Prozesu horren hasieran, Retortillo sailburuak eztabaida horretara hurbiltzeko premisa batzuk ezarri zituen, hiru ardatz hauek oinarritzat dituztenak: zerga autonomiko bat izateko posibilitatea; zerga ezartzea edo ez ezartzea erabakitzeko udal autonomia; eta zerga finalista bat izatea, bilketatik abiatuta inbertsiorako lehentasunak ezarriko dituena.

Sailak zerga-gaietan aditua den UPV/EHUko katedradun bati txosten bat lantzeko eskatu zion gai honen inguruan sortzen diren hainbat galderari erantzuteko, eta ondoren Lege Autonomiko bat lantzeko. Txostenaren ondoren, sailburuak bilera bat izan zuen EUDELekin lehenik, eta gaur Turismo Mahaiarekin. Txostenaren ondorioak aurkeztu ditu bertan, baita bere iritziz Euskadin zerga horren ezarpena arautu behar duten proposamena eta irizpideak ere. Bestalde, hurrengo bilera bat iragarri du Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailarekin gai honen inguruan koordinatuta egoteko.

Retortillok zergaren izaera finalistak duen garrantzia eta zerga-bilketaren banaketa nabarmendu ditu: “Zerga horren bidez lortutako sarrerek jasangarritasuna sustatuko duten turismoko politiketara bideratuta egon behar dute, eta Euskadi osoaren onurarako ere izan behar dute”.

Sailaren proposamena eta irizpideak Lege bat lantzearen inguruan Euskadin egonaldi turistikoen gaineko zerga bat ezartzeko:

  1. Udal aplikazio-eremua. Horrek berekin ekarriko luke udalerriaren borondatezko atxikimendua Udal Osoko Bilkuraren gehiengoak adostuta.
  2. Zergaren aplikazioa. Mota guztietako hotel-establezimenduetan, alojamendu-enpresetan, erabilera turistikorako etxebizitzetan eta instalazio turistikoetan egindako egonaldien gainean ezarriko litzateke zerga. Tarifa aldakorra izango litzateke establezimenduaren kategoriaren arabera. Gainera, hobariak egongo lirateke, esaterako, behe-denboraldiei edo egonaldiaren iraupenari buruzkoak. Salbuespenak ezarriko lirateke ordainketan, administrazio publikoetako gizarte-programek subentzionatutako egonaldietan (INSERSO), edo ezinbesteko kasuetan (uholdeak), besteren artean.
  3. Zerga-bilketaren xedea eta banaketa: Zerga hori arautuko lukeen Legeak zerga finalista bat ezarriko luke, eta turismoko politika jasangarriak sustatzen lagunduko duten jardueretarako izango da bilketa: desestazionalizazio-programak, ondarea berreskuratzekoak, ikerketa, prestakuntza eta kalitateko enpleguak bultzatzekoak eta abar. Gainera, zerga-bilketaren banaketak ezarritakoaren arabera, zati bat zergari atxikiko zaien udalei emango zaie beren udal eremuan dagozkien politikak garatzeko, eta gainerakoa Sailak administratuko du Euskadi osorako turismoko politika orokorretan. Bi kasuetan, legean ezarritako jardun-ardatzek definitutakoa izango da ekintza-esparrua, turismo jasangarri bat sustatzeari dagokionez.

Turismo Mahaiko kideek abenduaren 20ra arte bidali ahal izango dituzte beren iritziak.

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31