• EUSKADI GASTRONOMIKA
Saltsa Nostraren debuta Madrilen, Euskadi Gastronomikaren eskutik eta harrera bikainarekin
Euskadi Gastronomikaren bidez Basquetour-ek babestutako komiki formatuan aurkeztutako sukaldaritza-liburuen bildumak harridura eta interesa piztu ditu Madril erdigunean egindako aurkezpenean.

Basquetour-ek, Euskadi Gastronomika sarearen bitartez, babestutako Saltsa Nostra proiektu berritzaileak bere estreinaldia izan du astelehen honetan Madrilen, eta jendeak zein komunikabideek harrera oso ona egin diote. Aurkezpena Bilboko Glorietan izan da, eta bertan kiosko bat jatorrizko kaleko janari-postu bilakatu da. Han, Sergio Ortiz de Zárate Bilboko chef-ak Michelin izardun pintxo bat eskaini zuen, komikiaren orri jangarrietan bertan zerbitzatuta, bertaratutakoak harrituz proposamen sortzaile eta apurtzailearekin. Arratsaldean, Saltsa Nostrak prentsaurreko formatuan afari berezi bat egin zuen gastronomian espezializatutako kazetariekin; berriz ere, Záratek bere proposamen gastronomikoa eskaini zien, ohiko euskal gastronomia-elkarte baten giroa gogoraraziz.
Saltsa Nostra hamahiru komiki-liburuk osatutako bilduma bat da, bakoitza ospe handiko chef ezberdin batek protagonizatua. Ekintza, satira eta gastronomia uztartzen dituen narrazio baten bidez, proiektuak tokiko produktuetan, jasangarritasunean eta kultura gastronomikoan oinarritutako sukaldaritza balorean jartzen du, elikadura-industriaren eredu globalen aurrean. Istorioa gozatzeko aukera izateaz gain, irakurleek teknikak eta trikimailuak ikasi, eta chefek beraiek prestatutako errezetak eskuratu ditzakete.
Basquetour-en proiektu honetan parte hartzeak kalitatezko turismo gastronomikoa sustatzeko duen konpromisoa erakusten du. Euskadi Gastronomika sare publiko-pribatuaren bidez, agentziak ekimen hau bultzatu eta babestu du, euskal gastronomiaren balioak publiko berrietara modu berritzaile, kultural eta irisgarrian zabaltzeko tresna gisa.
Jordi Roca, Hideki Matsuhisa, Eneko Atxa edo Karlos Arguiñano bezalako izenak ditu protagonista eta cameo modura, eta Saltsa Nostraren helburua da publiko zabala lortzea hurbileko eta bisualki erakargarria den hizkuntza erabiliz, entretenimendua eta balio gastronomiko zein kulturala uztartuta.