• MICE
Sonia Pérez Ezquerra sailburuak MICE turismoak Euskadin duen etorkizuna aztertu du
Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak MICE Turismoaren Topaketa birtualean parte hartu du
Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak MICE Turismoaren Topaketa birtualean parte hartu du eta, bertan, azaldu du turismoa izango dela COVID-19aren krisiak gogorren joko duen sektoreetako bat; adituek iragarri dutenez, atakatik irtengo diren lehen azpisektoreak naturakoak izango dira, landa-turismoa, gero hirietakoak eta, azkenik, MICE turismoa.
Horregatik, Sonia Pérez Ezquerrak ohartarazi du orain dela “unea elkarrekintza publiko-pribatuko eredu hobetuetarantz aurreratzeko; eredu horretan, enpresak zorrotzagoak izango dira turismora bideratutako aurrekontu publikoa kudeatzean, eta gobernantza prozesua erabakigarria izango da turismoaren errealitate berrira egokitzeko. Sareek, adibidez, Saretourrek edo Euskadiko Turismoaren Kode Etikoak, garrantzi berezia hartuko dute lankidetza eta lan bateratu horretan gure ahalmenak elkartzeko”.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren lehentasuna koiuntura honetan, lehenik, zuzeneko laguntza eta sektorearentzako babesa izan dira, krisiaren ondorio ekonomikoak arintzeko. Hargatik, larrialdiko jardun horiek baino are garrantzitsuagoa da ekonomia bizkortzeko bigarren fasea. Fase horretan, gure asmoa da kontsumoko bonuen laguntzaz adibidez, kontsumoa eta turismo- zein merkataritza-jarduera berpiztea.
“Garrantzizkoa da kontuan hartzea lehen une hauetan egokitu egin behar dugula orain arte turismoari heltzeko izan dugun moduaren ikuspegia. Nazioarteko turismoak eramango du denbora gehien suspertzeko, eta horrek nabarmen eragingo die gure ekitaldi eta kongresuei. Beraz, barneko eta estatuko turismoari erreparatu behar diegu, ez bakarrik aisialdian, baizik eta negozioan ere bai, beste autonomia-erkidegoekin eta Espainiako Gobernuarekin ditugun aliantzak sendotuz, bidea elkarrekin egiteko, MICE turismoa bizkortzeko ahaleginak bateratuz”.
Sailburuak gogora ekarri du MICE turismoaren bultzada ardatz garrantzitsua dela turismoaren estrategian, hainbat arrazoirengatik. Batetik, turismoa bi modutan sakabanatzen du: urte osoan eta astean barrena. Bestetik, destinoaren posizionamendua: MICE turismoa negozio-aukeren bultza-indar bat da, eta irabazi ekonomikoak hornitzen dizkio ekonomiari oro har, destinoak birsortzen laguntzen du, ezagutzaren dibulgazioa sustatzen du, eta berrikuntza eta sormena sustatzen ditu. Gainera, aisialdiko turismo bihurtzeko gaitasuna du.
“Geure burua berrasmatzeko ordua da. Protokolo berriez hasi gara hizketan, egoitza anitzeko ekitaldiez, eta administrazioen eta enpresen arteko erantzukizun partekatuaz. Krisi honetatik, zuhurtasunez aterako gara, baina baita irudimenaz ere. Beharbada, alde batera utzi beharko ditugu ekitaldi handiak, baina tamaina txikiagoko ekitaldiak indartu ahal izango ditugu, eta horietan hainbat hiri elkarrekin eta aldi berean kontaktatzeko aukera izango dugu, kontaktuak mugatuz, baina presentzia fisiko eta birtuala baztertu gabe”.
Amaitzeko, sailburuak azaldu du “posizio onean gaudela suspertzeko, berezko identitatea duen destino bat izaten jarraitzeko, turismo jasangarri errealaren garapen-eredu baten alde eginez. Eta elkarrekin egingo dugu”.