• COVID 19-BONOAK
Turismo eta merkataritzako bonuek 8,7 milioi euro txertatuko dituzte merkatuan, krisiak gehien kaltetu dituen sektoreak suspertzeko eta familien kontsumoa sustatzen laguntzeko
" 250 bonuek (466.250 bonu ostalaritzan eta turismoan, eta 500.000 merkataritzan) 8,7 milioi euro txertatuko dituzte merkatuan, eta, horren ondorioz, gutxienez 26 milioi mobilizatuko dira erosketetan. " Horietatik guztietatik, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 620.000 bonu jarriko ditu zirkulazioan, eta 5,7 milioi euroko ekarpena egingo du. Zenbateko horri gainerako erakundeen ekarpena gehituko zaio. " Bonuen izenak "Euskadi Turismo Bonua" eta "Euskadi Bonodenda" dira, eta 5, 10 edo 20 euroko deskontuak eskainiko dituzte turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren modalitateetan.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok aldundiekin, udalekin eta EUDELekin koordinatuta ateratako eta turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetara zuzendutako bonuak aurkeztu ditu gaur. Sailburuarekin batera, erakundeetako honako ordezkari hauek izan dira aurkezpenean: Gorka Urtaran, EUDELeko elkarteburua eta Gasteizko alkatea; Cristina González, Arabako diputatu nagusiordea eta Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko foru-diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Aldundiko Ekonomia Sustatzeko foru-diputatua; Imanol Lasa, Gipuzkoako diputatu nagusiordea eta Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko foru-diputatua; Maider Echevarría, Gasteizko Udaleko alkateordea eta Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren Saileko zinegotzi ordezkaria; Cristina Lagé, Donostiako Udaleko Turismo Jasangarriko zinegotzia; Xabier Ochandiano, Bilboko Udaleko Ekonomiaren Garapen, Merkataritza eta Enpleguko zinegotzia; eta Jose Ángel Corres, Eusko Ganberetako presidentea eta Bilboko Merkataritza Ganberako presidentea.
Gaur gauzatu egin da erakundeen artean turismo, ostalaritza eta merkataritzako bonuaren baterako estrategiarako lortu den eta aitzindaria den akordioa. Bonu horien aginduak urriaren 5ean argitaratuko dira, eta hilaren 6tik aurrera egongo dira indarrean. Haien arabera, establezimenduek 3 asteko epea izango dute atxikitzeko. Epe horren ondoren, urriaren 28an, bonuak eskuragarri egongo dira herritarrentzat.
Bonuen helburua da krisiak gehien kaltetutako sektoreak suspertzea eta kaltetutako familien kontsumoa sustatzea. Merkataritzako, jatetxe-arloko, ostalaritzako eta turismoko jarduerak tokiko eta eskualdeko esparruan duen eragina sustatzearen bidez jarduera hori dinamizatzeko formula bat da.
Bonu horiek Euskadin bizi diren edota, turismoko bonuen kasuan, beste leku batzuetatik etorri diren 18 urtetik gorako pertsona fisikoek erosi ahal izango dituzte urriaren 28tik aurrera. Ez da bono fisikorik egongo; aitzitik, gastatu nahi diren establezimenduan bertan kudeatuko dira online plataformaren bitartez (plataforma hilaren 6tik aurrera egongo da abian).
Bonuak deskontu-balearen ereduan oinarrituta daude. Merkataritzaren kasuan, modalitate bakarra egongo da: 10 euroko deskontuak 30 eurotik gorako erosketetan. 4 bonu eskuratu ahal izango dira gehienez, eta, beraz, gehieneko deskontua 40 eurokoa izango da guztira. Merkataritzaren esparruko mikroenpresei eta enpresa txikiei zuzenduta daude.
Turismoan eta ostalaritzan, 3 modalitate daude. 1. eta 2. modalitateak ostalaritzari, jatetxe-arloari eta turismo-intereseko jarduerei lotutako establezimendu eta enpresei zuzenduta daude, eta 5 edo 10 euroko deskontuak izango dira, 20 edo 40 euroko gutxieneko erosketetarako, hurrenez hurren. Hirugarren modalitatean, deskontua 20 eurokoa izango da 60 eurotik gorako erosketetan, turismoko ostatu-arloko establezimenduetan. 2 bonu eskuratu ahal izango dira establezimendu bakoitzeko, eta, beraz, pertsona bakoitzak gehienez ere 40 euroko deskontua baliatu ahal izango du guztira.
“Euskadi Turismo Bonua” turismoari eta ostalaritzari lotutako Euskadiko mikroenpresei, enpresa txikiei eta ertainei zuzenduta dago. Haien artean, honako hauek aipa daitezke: ostatu-establezimenduak; turismo-gidariak; turismo-zerbitzuen bitartekaritza eta antolaketako turismo-enpresak; jatetxe-arloko eta ostalaritzako establezimenduak, naturako kirol-jarduerei lotutako enpresak (hala nola turismo aktiboari eta abenturakoari lotutakoak); turismo-garraioko enpresak; kultura-ondarea, gastronomia-ondarea eta ondare naturala zabaltzen duten enpresak; eta jolas-zentroak.
Zirkulazioan jarriko diren 966.250 bonuek (466.250 bonu ostalaritzan eta turismoan, eta 500.000 merkataritzan) 8,7 milioi euro txertatuko dituzte merkatuan. Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak 2 milioi euroko ekarpena egingo du turismoan, eta 3,7 milioi eurokoa merkataritzan, 5,7 milioi euro guztira. Beraz, guztira, 620.000 deskontu-bonu izango dira, 250.000 turismoan eta ostalaritzan, eta 370.000 merkataritzan.
“Erronka handia izan da Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailarentzat, aurreikusita ez zeuden eta turismoko eta merkataritzako zuzendaritzen aurrekontu osoaren % 18 inguru biltzen duten partidak baitira. Atzo beharrezkoa zena ezinbestekoa da gaur, eta garrantzitsua da administrazioek erantzun eraginkorrak eman ahal izatea”, azaldu du sailburuak.
Sailburuak egungo egoeran ezinbestekoa den erakunde arteko adostasuna azpimarratu nahi izan du. “Funtsezkoak dira hainbat mekanismo, hala nola ABEEEen luzapena (Espainiako Gobernuak atzo bertan onartu zuena) eta urteko 20.000 euroko edo hortik beherako kotizazio-oinarria duten langileentzako ABEEEaren osagarriaren luzapena (lehendakariak Gizarte Elkarrizketarako Mahaiarekin berretsi berri duena). Oso berri onak dira, segurtasun-sare hori gutxienez otsailera arte zabaltzeko aukera emateaz gain ziurtasuna emango baitie enpresa eta pertsona askori krisiaren aurrean. Eta, are gehiago, lankidetza eta baterako ahalegina hain garrantzitsuak diren garai hauetan gizarte-eragileen artean lortutako adostasun baten emaitza izan delako".