• JASANGARRITASUN TURISTIKOA
Arabako Errioxak 5,5 milioi erabiliko ditu Next Generation funtsetatik lurraldea helmuga turistiko gisa bultzatzeko Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planaren barruan
5,5 milioi euroko zuzkidura duen Arabako Errioxako Jasangarritasun Turistikoko Planaren aurkezpenean parte hartu du gaur Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok. Proiektua Euskadiko Jasangarritasun Turistikoko Lurralde Planaren barruan dago. Plana “Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Sailak eta, Arabako Errioxak bezala, etorkizuneko proiektu serioak eratu dituzten udalerri eta eskualdeek elkarrekin egindako lanaren emaitza da” azaldu du sailburuak.
Euskadik gutxienez 75 milioi jasoko ditu Jasangarritasun Planen 3 deialdietan, eta horietatik 34 milioi bigarren deialdiari dagozkie. “Eta hori Next Generation funtsen ezinbesteko zereginaren eta erakundeen lan handiaren erakusgarri da. Espainia izan zen Europako Funtsak jaso zituen aurreneko herrialdea, eta Next Generation funtsen hirugarren ordainketaren bermea jaso duen lehena. Eta turismoari dagokionez, funtsak dagoeneko martxan daude, eta sektore eta enpresetara iristen ari dira. Eta funtsezko bultzada dira sufritu duen sektore batentzat. Hala ere, 2022ko susperraldiaren ondoren, turismo-jasangarritasuna eta -lehiakortasuna garatzeko eta bultzatzeko etorkizuna izango duen sektore batez ari gara”.
Turismo-jasangarritasuneko planek eragin eraldatzaile bat sortu nahi dute helmugetan, jarduera zehatzen garapenetik haratago joango dena. Helmugak eraldatzea eta modernizatzea da helburua, trantsizio berdearen eta jasangarriaren, eraginkortasun energetikoaren hobekuntzaren, eraldaketa digitalaren eta lehiakortasunaren eremuetan jarduerak aurrera eramanez.
Bigarren lurralde-planaren 34 milioietatik 11 milioi baino gehiago Araban inbertituko dira. “Ziur nago jarduera horiek guztiak erabakigarriak izango direla lurraldearen garapen turistikorako, baina, batez ere, tokiko biztanleek, zuen bizilagunek eta zuen enpresa eta saltokiek onura atera ahal izan diezaioten turismoaren inpaktu positiboari”.
Sailburuak gogorarazi duenez, Arabako Errioxako proiektua, gainera, Enogastronomiako Turismo Plan Nazionalaren parte da eta, hain zuzen ere, enogastronomia da bisitatzen gaituztenen motibazio nagusietako bat. Planak dibertsifikazioa bultzatu nahi du, eta eskualdeko egungo produktu izarra, enoturismoa, osatu, baliabide osagarri guztiak balioan jarrita, besteak beste, oliba olioa, gastronomia bereizgarria, baliabide naturalak eta biodibertsitatea, baliabide arkeologikoak eta eraldaketa hori bultzatzeko azpiegitura eta euskarri digitalak garatzea.
“Proiektu orekatua eta sendoa, Turismo Jasangarriko Euskal Estrategiarekin lerrokatua. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailetik eta Basquetour Turismoaren Euskal Agentziatik zuen esanetara jarraitzen dugu proiektuak gauzatzen eta ekintza berriak garatzen laguntzeko” esanez amaitu du sailburuak.