• SUSTAPEN ETA MERKATURATZE TURISTIKOA
Basquetourrek Euskadiko eskaintza Europan sustatu eta merkaturatzen laguntzen du
Aste honetan lan-jardunaldiak egin dira Suitzan eta Iparraldeko Herrialdeetan
Turismoaren Euskal Agentziak sustapen- eta merkaturatze-jardunaldi batzuetan parte hartu du aste honetan Europako hainbat merkatutan. Zehazki, Suitzan, Suedian, Finlandian, Norvegian eta Danimarkan.
Herrialde eskandinaviarretako jardunaldiak herrialde bakoitzeko hiriburuetan egin dira, Stockholmen, Helsinkin, Oslon eta Kopenhagen, eta Basquetour 150 tokiko agenterekin baino gehiagorekin bildu da, 30 hiri bakoitzeko, Stockholmen izan ezik, han 60 agenterekin jarri baitziren harremanetan. Hiri honetan batez ere gastronomiaz eta MICEz interesatu ziren. Helsinkin, tokiko agenteek helmugaren berri handiagoa zuten, eta interesa agertu zuten gure MICE, premium eta touring eskaintzengatik. Oslon surf-turismoa eta familia-turismoa izan ziren aipagarrienak. Eta Kopenhagen, MICE eta touring eskaintza.
Suitzaren kasuan, 3 B2B workshop garatu dira beste horrenbeste hiritan: Zurichen, Genevan eta Basilean. Guztira ehun agente inguru izan dira, eta horietan Euskadiren eskaintza orokorraren berri eman da. Basquetourrekin batera, Estatu osoko 17 helmugek hartu dute parte Turespañak antolatutako workshop-etan.
Eskandinaviako eta Suitzako merkatuak oso bilakaera positiboa izaten ari dira COVIDaren ondoren, eta igoera oso nabarmenak izan dira 2021etik 2022ra bitartean. Horrela, gaualdietan, Finlandia % 257 hazi da, 2022an 13.400; Norvegia % 462,7, 32.195; Suedia % 170,6, 40.510 gaualdi 2022an eta Danimarka % 260,9, 29.658. Bestalde, Suitzako merkatua % 329,9 hazi da eta 55.732 gaualdi izan ditu 2022an.