• FAM TRIP
Basquetourrek kazetari portugaldarrei zuzendutako press trip bat antolatu du Euskadi eta Kantabria ezagutarazteko, Espainia Berdea markaren barruan
Basquetourrek kazetari portugaldar talde bati eta Silver Lining komunikazio agentziako ordezkari bati zuzendutako bidaia antolatu du, Espainia Berdea markako estrategiaren barruan, bai Euskadi bai Kantabria helmuga turistiko gisa sustatzeko helburuarekin.

Bidaiak lotura zuzena du iaz Oporton egin zen Norte Diem ekintzarekin, eta helburua da Espainiako iparraldearen erakargarritasuna finkatzea Portugalgo merkatuan. Egonaldian zehar parte-hartzaileek lehen eskutik ezagutuko dituzte Euskadi eta Kantabriaren indargune nagusiak: kultura, paisaia, gastronomia, jasangarritasuna eta hiri-eraldaketa.
Taldea gaur iritsi da Bilbora, eta han emango dituzte lehen bi gauak. Bihar, Guggenheim ingurua, Erribera eta Alde Zaharra bisitatuko dituzte, eta ondoren Arabako Errioxara joango dira Guardiako herria eta bere upeltegi historikoak ezagutzeko. Ostegunean, Añanako Gatz Harana eta Portugalete izango dituzte jomuga, eta handik Kantabriara igaroko dira bidaiarekin jarraitzeko.
Ekintza hau Euskadiren nazioartekotze turistikoaren estrategiaren parte da, eta helburua da kalitatezko eta jasangarritasunarekin konprometitutako helmuga gisa sendotzea, batez ere hurbileko merkatuetan, hala nola Portugalgoan. Basquetour bertako presentzia indartzen ari da kanpainak, topaketa profesionalak eta kazetari-bidaiak antolatuz.