• JASANGARRITASUN TURISTIKOA
Euskadi, hiru hamarkada turismo jasangarria sustatzen
Euskal Autonomia Erkidegoak eta Lanzarotek 30 urtez gidatu dute Turismo Jasangarriaren Munduko Gutunaren sorrera eta bere berritzea, eta gutun hori Lanzaroten eguneratu berri dute.
Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Lanzaroteri eman dio gaur Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna berritzeko lekukoa. Gutun hori 1995ean sinatu zen lehen aldiz uhartean, eta 2015ean berritu zen Gasteizen. Ekitaldian parte hartu dute, halaber, Unescoko Ekologia eta Lurraren Zientzien Dibisioko zuzendaria, Antonio Abreu, Turismoko Estatu Idazkari Rosario Sanchezek, Lanzaroteko Kabildoko presidente Oswaldo Betancortek eta Kanarietako Gobernuko Turismo eta Enpleguko kontseilari Jessica de Leonek.
Ekitaldian, Hurtado sailburuak azpimarratu du Turismo Iraunkorraren Mundu Gutunaren sinadura Euskadik eta Lanzarotek gidatu dutela azken 30 urteetan. Horrek bi erkidegoek iraunkortasunarekiko duten konpromiso irmoa islatzen du; izan ere, jasagarritasuna ez du helmuga izan behar, bidea baizik.
Halaber, Euskadiko turismo jasangarriaren eredua nabarmendu du, sektoreak errentagarria eta erakargarria izateaz gain, bidezkoa, inklusiboa eta errespetuzkoa izatearen alde egiten baitu. Zentzu horretan, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa aipatu du. Kode hori Nazio Batuen Munduko Turismo Erakundeak bermatzen du, eta turismo-eragile guztiek erantzukizuna eta iraunkortasuna eguneroko jardunean integra ditzaten du xede nagusi.
Turismo Jasangarriaren Munduko Gutuna
1995ean, Lanzarotek une historikoa bizi izan zuen munduko turismorako. UNESCOk bultzatu eta Turismoaren Mundu Erakundearen (TME), Nazio Batuen Ingurumenerako Programaren (PNUMA), Europako Batzordearen, Mab Programaren, Munduko Ondarearen Zentroaren eta beste hainbat erakunderen laguntzarekin antolatutako Turismo Jasangarriari buruzko Munduko Biltzarrean Turismo Jasangarriaren lehen Gutuna onartu zen.
2015ean, Gasteizen egin zen Turismo Jasangarriaren Munduko Gailurrak (ST+20) ikuspegi hori eguneratu zuen, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuak (GJH) barne hartuz eta ekintza klimatikoa, gizarte-berdintasuna eta lankidetza globala turismo-politiken erdian kokatuz.
Turismoak aurre egiteko dituen erronkak konplexuagoak dira orain, baina aukerak, ezagutza eta erantzuteko gaitasuna ere handiagoak dira. Testuinguru horretan, Turismo Jasangarriaren Gutuna +30 (2025) esparru eguneratu gisa ulertzen da, haren irismena zabaldu eta zentzua sakontzen duena. Haren helburua jatorrizko konpromisoaren oinarri izan ziren balioak —errespetua, ekitatea eta erantzukizun partekatua— indartzea da, printzipio-esparru bat proposatuz, lurraldeak birsortzera, komunitateak indartzera eta etorkizun orekatuagoa eta bidezkoagoa sustatzera turismoa bultzatzeko.