• EUSKADI GASTRONOMIKA
Benjamin Lana eta Arguiñano anai-arrebak saritzeaz gain, Euskadi Gastronomika Sarien epaimahaiak lehiaketako 6 kategorietako sariak eman zituen atzoko galan.
Gasteizko Europa Jauregian banatu ziren sariak, Javier Hurtado Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak eta Daniel Solana Basquetourreko zuzendari nagusiak honako hauei emanak: Dimako Garena jatetxea, Gorbeia eta Tolosaldea helmugetako erakunde kudeatzaileak, Hondarribiko Hiruzta Bodega, Astigarragako Malum Rex sagar bar, Gasteizko Ikea jatetxea eta Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa. Ekitaldian, Vocento Gastronomia taldeko Eva eta Karlos Arguiñano anaia-arrebak eta Benjamin Lana zuzendaria omendu zituzten, euskal gastronomia sustatzen eta zabaltzen egindako ekarpenagatik.

Euskadi Gastronomika Festa Euskadi Gastronomika sareko enpresen (gaur egun 600) urteroko topaketa da. Euskal eskaintza turistiko gastronomikoa biltzen du, eta duela 10 urte baino gehiago sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Basquetour-Turismoaren Euskal Agentzia sozietate publikoaren bidez. Euskadi Gastronomika Euskadiko produktu turistiko gastronomikoa sortzeko eta garatzeko proiektu gisa hasi zen, baina eboluzionatu egin du, benetako euskal kultura gastronomikoan oinarritutako laneko filosofia eta balioak partekatzen dituzten eragileen sare bihurtu arte.
Bilakaera horretan, turismo-helmugen plangintza eta kudeaketa indartu dira, sektorearen profesionalizazioa bultzatu da, turismo-eskaintza hobetu da eta gastronomia sustatu da, Euskadi sustatzeko zutabeetako bat den aldetik. Era berean, Euskadi Gastronomika Balioen Karta sortu da (guztira 22 printzipio, 8 baliotan multzokatuta) eta Euskadin parte diren enpresa eta profesionalen DNAn egon behar duten ezaugarriak biltzen ditu. Balio Karta hau Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren barruan dago, eta gastronomiaren sustrai eta identitatearen garrantzia nabarmentzen du, baina baita eboluzionatzeko gaitasuna ere.
Hain zuzen ere, sektoreko profesionalek eta enpresek balio horiekin duten konpromisoa aitortu nahi dute Euskadi Gastronomika Sariek. Sailburuaren hitzetan, “Gure sukaldaritzaren nazioarteko prestigioa produktu apartak eta etengabeko bilakaeran dagoen lehen mailako ekosistema profesional bat uztartzen dituen ondare baten emaitza da”. Hurtadok, bestetik, ostalaritzako eskolen eta unibertsitateen zeregina nabarmendu zuen, non belaunaldien arteko erreleboa eratu eta ondare gastronomikoa sendotzen den.
Guztira, Euskadi Gastronomika sareko 73 enpresa eta entitate gastronomikok aurkeztu dute hautagaitza, deialdiko 6 kategorien artean: Origen, Elkarrekin, Ongi Etorri, Wow, Innova eta Konpromiso. Ez da erraza izan sarituak hautatzea, aurkeztutako proposamenen kalitate handia dela eta.
Azkenik, Garena jatetxeari eman zaio saria Origen kategorian, lehengo errezetak eta zaporeak eta bertako baserrietako bizimoduak eta ohiturak berreskuratzeko ahaleginagatik; Gorbeiako eta Tolosaldeko Turismo Kudeaketako Erakundeak Elkarrekin kategorian saritu dituzte, bi lurralde, Araba eta Bizkaia lotzen dituen lankidetza instituzionaleko eredu izateagatik; Hiruzta upategiak Ongi Etorri saria jaso du, tradizioarekin, kalitatearekin eta abegikortasunarekin duen konpromisoagatik, eta Hondarribi Zuri izena eman zaion tokiko txakolin-tradizioa berreskuratzeagatik. WOW kategorian, Malum Rex, planetako lehen Sagar tabernari eman zaio saria, bere ekitaldi bereziengatik, sormen handiko bere komunikazioagatik eta kalitatezko esperientzia gastronomikoa eskaintzeko duen gaitasunagatik nabarmentzea lortu duelako, bai tokiko eremuan, bai mundu osoan; IKEA jatetxea INNOVA kategorian saritu da, egungo joeretara egokitzeko paradigma izateagatik, teknologian inbertitzeagatik, eta jasangarritasunarekin eta bikaintasunarekin hartua duen konpromisoagatik, mahaikide bakoitzak esperientzia gogoangarria bizi dezan; azkenik, baina garrantzi-maila berean, Mater Ontzi Museo Ekoaktiboa Konpromiso kategorian saritu da, itsas kontserbazioaren ikur izateagatik eta euskal itsas ondareari balioa emateagatik.
Sari banaketaren ondoren, Benjamin Lanaren txanda iritsi zen, baina ezin izan zen etorri, Japonian zegoelako. Haren ordez Félix Ribadulla egon zen, Vocento Gastronomiako zuzendariordea. Hala ere, Lanak zuzeneko konexioa egin zuen. Arguiñano anaia-arrebak ere eszenatokira igo ziren hain merezitako errekonozimendurako eta azken argazkirako. Ekitaldian gonbidatu hauek ere zeuden: Maider Etxebarria Gasteizko alkatea, Cristina González Bizkaiko Foru Aldundiko diputatuordea, Mar Dabán Gobernuaren Arabako ordezkariordea eta María Nanclares Arabako Udaleko Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotzia. Ekitaldiaren ondoren koktel bat eskaini zen eta EITBko “Ruta Slow” irrati-programako Aitor Buendia kazetariak galako protagonistak elkarrizketatu zituen saiorako antolatutako irrati set batean.