• GOLF
Euskadik golf-turismoko estrategia indartzeko urrats berria eman du Costa Bravako bisita teknikoarekin
Euskal golf-turismo sareak hainbat golf-zelaia eta ostatu-instalazio bisitatu ditu, eta lan-bilera ugari egin ditu bai Gironako " Costa Bravako Turismo Patronatuarekin, baita Costa Bravako Golf Zelaien Elkartearekin ere.

Hiru egun eta erdiko bisitaldian, golf-turismoaren euskal sareko ordezkaritza batek bidaia teknikoa egin du Costa Bravara, helmuga horretako golf-espezializazioko turismo-eskaintza bertatik bertara ezagutzeko helburuarekin. Ekimen hau Basquetourrek 2025ean garatzen ari den golf-produktuaren urteko ekintza-planaren baitan kokatzen da.
Euskal ordezkaritza sei golf-zelaitako ordezkariek, bi agentzia hartzailek eta Basquetourrek osatu dute, eta elkarrekin ezaugarri eta tamaina desberdinetako zazpi golf-zelaia bisitatu dituzte: Camiral – PGA, Empordà Golf Club, Golf de Pals, Serres de Pals, Golf d’Aro – Masnou, Torremirona Golf Club eta Golf Club Peralada. Horrez gain, golf-zelaiekin lotutako hainbat hotel-instalazio ere aztertzeko aukera izan dute.
Jardunaldietan zehar, lan-bilerak egin dituzte golf-zelaietako arduradunekin —zuzendaritza nagusiak, merkataritza-arduradunak eta operazioetakoak—, baita Girona – Costa Bravako Turismo Patronatuaren Golf Produktuaren Klubeko ordezkariekin eta Costa Bravako Golf Zelaien Elkarteko kideekin ere. Helburua izan da haien antolaketa-egiturak, merkaturatze-estrategiak eta kudeaketa-ereduak bertatik bertara ezagutzea.
Prospekzio-bidaia honen bidez, golf-turismoaren euskal sareak ezagutza tekniko, promozional eta komertzial baliotsuak eskuratu ditu; horiek, baliagarriak izango zaizkio sarearen lan-dinamika sendotzeko ez ezik, Euskadiko turismo-eskaintza espezializatua aberasteko ere.
Golf-turismoaren euskal sarea
Golf-turismoaren euskal sarea 16 eragilek osatzen dute: 12 golf-zelai, 3 agentzia hartzaile (DMC), Euskal Golf Federazioa eta Basquetour bera. Urteko ekintza-plan baten bidez, sare honek honako helburu hauek lortzeko lan egiten du:
- Euskadiko golf-turismoaren azpiegitura garatzea.
- Helmuga intereseko nitxo turistikoan kokatzea.
- Lurraldeko turismo-eskaintza dibertsifikatzea.