• FITUR 2024
Euskadiko erakustokiak 133 euskal enpresa bilduko ditu Madrilgo FITUR azokan
Publiko profesionalari eskainitako azoka-egunetan, 454 hitzordu aurreikusten dira lan-eremuan. Aurten, berrikuntza gisa, online tresna bat izango du networking-a eta negozio-bilerak errazteko.
Javier Hurtado sailburuak standa inauguratu ondoren, gaur arratsaldean euskal helmugetako nobedadeen aurkezpenak hasi dira, besteak beste, "Eduardo Chillida-100 años".
Ireki denetik, azoka-egunetako berezko jarduerak betetzen du Euskadiren standa FITURen eta, bereziki, lan-eremua, lehen 3 egunetan, hitzorduz betetako agendak dituzten Euskadiko 133 enpresa eta erakunde biltzea aurreikusten den tokia. Izan ere, azoka hasi aurretik, 454 bilera zituzten hitzartuta.
Hori da Eusko Jaurlaritzak azokan parte hartzeko duen helburu nagusia, eta horregatik, aurten lan-eremuak azalera handiagoa du, hain zuzen ere enpresa gehiago hartzeko eta gure sektoreari negozio-aukera gehiago sortzeko. Era berean, berrikuntza gisa, Basquetourrek QR baten bidez enpresen online direktorio bat eskaintzen duen eta profesionalen arteko networking-a errazten duen tresna bat garatu du. Horrela, standean dagoen bisitari orok bertaratutako erakunde eta enpresa guztien informazio osoa eskuratu ahal izango du, eta zuzenean haiekin harremanetan jarri ahal izango da. Aplikazioak, gainera, enpresa bakoitza Euskadiko standean zein egunetan egongo den jakiteko aukera ematen du. Horren guztiaren helburua da topaketak erraztea, bai euskal enpresen artean, bai Euskaditik kanpoko enpresa eta entitateekin.
https://fitur.euskadibasquecountry.eus/
Baina, profesionalen arteko bilerez gain, egunotan euskal helmugek Madrilen ezagutzera eman nahi dituzten nobedadeen aurkezpen ugari izango dira. Inaugurazioaren ondoren, "Eduardo Chillida-100 años" aurkezpena egingo da gaur arratsaldean, duela mende bat jaiotako nazioarteko eskultore donostiarraren bizitza eta lanaren errepasoa, Mikel Chillida artistaren biloba eta bere lana zaintzen eta zabaltzen duen fundazioko kidearen eskutik.
Gainera, Gipuzkoari buruzko beste bi aurkezpen izango dira: "Zumarraga Bide Bizia", udalerriko eskaintzaren laburpena, hiriko, industriako eta naturako ibilbideetatik hasi eta Antiguako baseliza bezalako kultura- eta ondare-baliabide nabarmenetaraino; eta "Deba: HAB, historiaurreko bailara", museo naturala eta aire zabalekoa, Kantauri isurialdeko goi paleolitikoko aztarnategi arkeologiko handienetako bat zeharkatzen duena.
Bestalde, Bilbo-Bizkaiak naturarekin, kulturarekin eta ekitaldiekin lotutako turismo-produktu berriak ezagutaraziko ditu, baita "Dena hain gertu" kanpaina berria ere. Portugaleteko Rialia Museoak "Ura, burdina eta altzairua gara" sustapen-bideoa aurkeztuko du eta Busturialdeak, eskualdeko posizionamendu turistiko berria, "Urdaibai Basque Reserve" markarekin, eta "Naturala itzultzea da” leloarekin.
Eta, azkenik, Arabak "Bidaia ezazu kirolera, zatoz Arabara" ekimena aurkeztuko du, Martin Fiz Maratoia, "The Wolf Race", "Ironman" eta "La Vuelta" bezalako aurtengo kirol ekitaldi nagusien aurrerapena, besteak beste, Martin Fiz edo Igor Gonzalez de Galdeano kirolari ospetsuen eskutik.
Bihar, azokako bigarren eguna, publiko profesionalari ere eskainia, Helmuga Turistiko Adimendunaren bereizgarriak banatzeko ekitaldiak eta SICTED 2024 Sariak euskal erakunde eta enpresei banatuko zaizkienak izango dute protagonismoa. Ekitaldi horiek azoka-esparruko hainbat tokitan izango dira. Eta, Euskadiko standean, goizean goizetik, euskal erakunde eta enpresen bilerak jarraituko dituzte, baita helmugen aurkezpenak ere.
Hori guztia stand oso teknologiko batean egingo da, pantailetan oinarrituta eta euskal turismoaren produktu izarraren protagonismoarekin, "Grand Tour" -arekin, 8 etapa Euskadi osoan zehar ibiltzeko eta, helmugaren ikonikoena ez ezik, leku eta baliabide ezezagunenak ezagutzeko aukera ematen duena. Gainera, Euskadi, Bilbo, Donostia, Vitoria-Gasteiz, Mendi eta Haranak, Euskal Kostaldea eta Arabako Errioxako marka turistiko handien informazio-erakusmahaietan kokatutako pantailek horietako bakoitzaren irudiak erakusten dituzte. Hau da, eskaintza anitza, dena gertu duena, eta erraz egin daitekeena.