• EUSKADIKO TURISMOAREN KODE ETIKOA
Eusko Jaurlaritzak, 2023an, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoari atxikitako 98 enpresa turistiko berri aintzat hartu ditu
Guztira, 700 turismo-erakunde daude konprometituta etengabeko hobekuntza-programa honekin.
Donostiako Kursaalean egindako ekitaldian, Kode Etikoaren webgune berria aurkeztu da eta Euskal Turismoaren Etika Batzordea bildu da.
Eusko Jaurlaritzak 98 enpresa turistiko aintzat hartu ditu gaur Donostiako Kursaal Jauregian, 2023an lehen aldiz Euskadiko Kode Etikoari atxikitzea lortu zutenak. Horiekin eta aurreko edizioetan atxikitako eta iaz etengabeko hobekuntza-programa horrekiko konpromisoa berretsi zutenekin, guztira 700 dira.
Ekitaldian, Daniel Solana Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziako zuzendariak parte hartu du, eta azpimarratu du “jasangarritasunaren alde enpresek eta erakundeek egindako apustua. Jasagarritasuna hiru ardatsetan oinarritua: ingurumena, gure kulturaren zaintza eta aberastasunaren banaketa eta tokiko garapena bermatzea”. Eta bakoitzak duen erantzunkizunaz ere hitzegin du: bisitariek, enpresek eta erakundeek, Euskadik helmuga jasangarria izateko egin duen apustua eta lana goraipatuz.
Aitortutako enpresek Kode Etikoko kide direla egiaztatzen duten ziurtagiriak jaso dituzte. 98 erakunde horietatik 23 Arabakoak dira, 41 Bizkaikoak eta 34 Gipuzkoakoak. Araban, 3 eskualde Aiarakoak dira, 2 Gorbeialdekoak, 1 Arabako Lautadakoak, 4 Arabako Mendialdekoak, 5 Arabako Errioxakoak eta 8 Gasteizkoak. Bizkaian, 10 Bilbokoak dira, 10 Busturialdekoak, 10 Durangaldekoak, 5 Enkarterri-Meatzaldekoak, 2 Gorbeialdekoak, 1 Lea Artibaikoak eta 3 Uribekoak. Eta, Gipuzkoan, Debarrenako 3, Debagoienako 3, Donostiako 9, Oarsoaldeko 7, Tolosaldeko 5, Urola Erdiko 1, Urola Garaiko 5 eta Urola Kostako 1.
Horiek guztiak Kode Etikoaren Erregistroan daude, gaur goizean Euskal Turismoaren Etika Batzordeak egindako bileraren ondoren. Batzorde horrek, besteak beste, Kode Etikoari atxikitako erakundeak ofizialki balioetsi ditu. Jose Ignacio Besga presidenteak batzorde horren eginkizunak azaldu ditu ekitaldian; batzordean, Alicia Gomez eta Margarita Zaera, NBE Turismoko ordezkariak, gonbidatu gisa izan dira.
Bestalde, gaur Kursaalen Kode Etikoaren webgune berria ere ezagutzera eman da, Basquetourren webgune barruan dagoena. Aldarrikapena egin zenetik bost urte igaro ondoren eta horri atxikitako 700 entitaterekin, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa konpromiso bat baino gehiago da, Euskadiko turismoak etikoa eta arduratsua izan behar duela adierazteko modu bat da.
Hori dela eta, Eusko Jaurlaritzak, Basquetourren bidez, garrantzitsutzat jo du komunikazio-kanal bat izatea, Euskadiko turismo-estrategia ikusarazteko eta hedatzeko, etikari eta erantzukizunari dagokienez.
Hona hemen orrialde berriaren helburuak:
- Euskadiko Turismoaren Kode Etikoaren proiektua ezagutaraztea,
- Turismo arduratsu eta etikoarekin konprometitutako erakundeen erakusleihoa izatea
- eta erakunde guztiei proiekturako sarbidea erraztea.
Web-orria erakunde turistiko publiko zein pribatuei zuzenduta dago, etika eta erantzukizuna bereizgarri izan ditzaten; ingurumena eta pertsonak errespetatzen dituen turismo-eredu bat sortzen duten bisitariei, eta, bereziki, euskal herritarrei, harro baitaude gero eta jasangarriagoa, berdintasunezkoa, inklusiboa eta toleranteagoa den Euskadi bat erakusteaz.
Hainbat atal izango ditu:
- Lehenengo atala: "Zer da Kode Etikoa". Bertan, honako hauek azaltzen dira: helburua, etikak turismoan duen garrantzia, Kodeak GJHei egiten dien ekarpena eta kode hori hainbat erakundetan ezartzeko metodologia.
- Bigarren atalak "Kode etikoaren printzipioak" erakusten dizkigu, bideo argigarri batekin azaltzen direnak.
- Eta "Erakundeen bilatzaile" bat, Euskadiko Turismoaren Kode Etikoan parte hartzen duen entitate bakoitzari ikusgarritasuna emateko.
Era berean, web orrian "Turista arduratsuaren gida" eta proiektuarekin bat egiteko gune bat ere badaude.
Kode Etikoaren programan parte hartzen duten erakundeak publikoak zein pribatuak dira, eta azpisektore turistiko guztietakoak dira: ostatuak eta jatetxeak, tabernak eta kafetegiak, informazio turistikoko bulegoak, museoak eta interpretazio-zentroak, turismo aktiboa, turismo nautikoa, gida turistikoak, etab.
Euskadiko Turismoaren Kode Etikoa Turismorako Munduko Kode Etikoaren egokitzapen bat da, gure kulturaren eta nortasunaren berezko ezaugarrietatik abiatuta egina, eta 2030 Agendan ezarritako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan oinarritua.
2015ean, Turismoaren Munduko Gailurra egin zen Gasteizen, eta, ordutik, Euskadi turismo-eredu arduratsu, etiko eta iraunkor baten alde ari da lanean.