• BERRIKUNTZA
Javier Hurtado: "Eraldaketa digitalean, pertsonok izan behar dugu protagonistak"
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok Digitaltek Foroaren inaugurazioan parte hartu du. Foro horrek euskal enpresa-eremuko berrikuntza eta digitalizazioko liderrak bildu ditu Bilboko Azkuna Zentroko Auditorioan, eta Digitalizazio eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkari Carme Artigasek ere parte hartu du.
Inaugurazio-ekitaldian, Javier Hurtadok azpimarratu du ekonomia digital sendo bat funtsezkoa dela berrikuntzarako, hazkunderako, enplegurako eta lehiakortasunerako, eta pertsonek izan behar dutela eraldaketa digital horren protagonistak eta onuradunak. "Sailburu eta sozialista gisa —gaineratu du— horixe da nire lehentasuna, pertsonak; horregatik, egoiliarren bizi-kalitatea hobetuko duen eta tokiko garapenean eragina izango duen kalitateko merkataritza eta kalitateko turismo batean kalitateko enplegua sustatzera dago bideratuta nire Sailaren estrategia ".
Beren enpresen eraldaketa digitalaren kudeaketagatik saritutako erakundeak zoriondu ondoren, sailburuak adierazi du benetako eraldaketa digitala "aro digitalean herritarren premietara egokitzeko gai garenean" gertatzen dela, eta gaur egun inoiz baino ezinbestekoagoa dela.
Era berean, Javier Hurtadok gogorarazi du merkataritzak omnikanalitatera jo behar duela eta, denda fisikoa utzi gabe, eraldaketa digitalera egokitu behar duela. “Tokiko merkataritza bai —adierazi du—, baina 4.0 merkataritza ere bai”.
Sailburuak azaldu duenez, pandemiak agerian utzi du merkataritza tradizionalaren beharra eta garrantzia, eta aldeko joera hori baliatu behar dugu merkataritza eraldaketa digitalera egokitzeko prozesua biziagotzeko, era horretan plataforma digital handiekin baldintza berdinetan lehiatu ahal izan dadin. “Sailak garbi dauka tokiko merkataritzak bere identitateari eta berezitasunari eutsi behar diela birmoldatzeko prozesu horretan”.
Turismoaren sektoreari dagokionez, Javier Hurtadok Industria, Merkataritza eta Turismoko ministro Reyes Marotok aurkeztutako Turismo Adimendunaren proiektua eta Datu Turistikoen Bisorea aipatu ditu. Haien helburua da turismo-jardueraren eraldaketa digitala bizkortzea, Espainiaren lehiakortasun-lidergoari eustea eta turismo-baliabideen erresilientzia, osasun-segurtasuna, jasangarritasuna eta kalitatea hobetzea.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak amaitzeko azpimarratu duenez, teknologia digital berriak dira eraldaketa sozioekonomikoaren eragile nagusiak, enpresetan, administrazioetan eta herritarrengan eragiten baitute. "Eraldaketa digitalaren erronkari aurre egin behar diogu, eta erronka horrek egokitzapena eta berrasmatzea ditu oinarri. Helburua da lehiakortasunaren hobekuntza are neurri handiagoan sendotzea eta euskal merkataritza indartsuagoa, sendoagoa eta lehiakorragoa finkatzeko zereginean laguntzea. Eta Euskadi garapen iraunkorra bermatzen duen abangoardiako azpiegitura teknologiko batean finkatutako turismo-helmuga adimenduna eta berritzailea izateko lanean jarraitzea".