Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   JASANGARRITASUN TURISTIKOA

Javier Hurtado sailburua: "Inbertsioa funtsezkoa da iraunkortasunerako, eta Euskadin Europako 80 milioi funts baino gehiago kudeatu ditugu turismoaren sektorerako"

" Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok parte hartu du turismo-jasangarritasunari buruz elDiario.es egunkariak antolatutako mahai-inguruan " Euskadin bizi denarentzat da, eta hori da bisitatzen gaituena bilatzen duena

Euskal Autonomia Erkidegoa erreferente gero eta sendoagoa da turismo jasangarri eta kalitatezkoan. Horixe adierazi du Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburu Javier Hurtadok "Sostenibilidad en el turismo: hacia un modelo de bajo impacto ambiental" izena zeraman mahai-inguruan, elDiario.es egunkariak Madrilen antolatutako "Todo un país de turismo IV: Viajar bien, vivir mejor" jardunaldiaren barruan.

Ekitaldiak turismo- eta irakaskuntza-esparruetako pertsonak bildu ditu, jasangarritasunak turismoaren sektorean dituen erronkei eta aukerei buruz eztabaidatzeko. Sailburuarekin batera, Turismoko Estatu Idazkaritzako Turismo Politiketako zuzendari nagusi Ana Muñoz, Asturiasko Printzerriko Turismoko sailburuorde Lara Martínez, eta UPMko Ekonomia Zirkularreko Masterreko koordinatzaile eta UPMko Turismo Ekologiko eta Jasangarriaren Kudeaketa Masterreko irakasle Carmen Avilés Palacios izan dira.

Sailburuak, bere hitzaldian, Euskal Autonomia Erkidegoak turismo jasangarria eta orekatua bermatzeko ezarri dituen eta garatzen jarraituko duen politikak azaldu ditu. Horien artean emaitza onak eman dituen desestazionalizazioaren estrategia dago; izan ere, gehiago hazi gara goi-denboralditik kanpo (% 4,7) udan baino (% 1,4).

Turismo-sektoreak azken urteotan izan duen erronka nagusietako bat turismo-erabilerako etxebizitzak kontrolatzea eta arautzea izan da. Sailburuak azpimarratu du Euskal Autonomia Erkidegoa eztabaida horretan ez dela orain hasi, baizik eta hamarkada bat baino gehiago daramala fenomeno hori arautzeko lan aktiboan. Gaur egun, etxebizitza turistikoen portzentaje baxua dugu (etxebizitza guztien % 0,5, Espainiako %1,4ko batez bestekoaren aldean), baina horiek kontrolatzea lehentasuna izaten jarraitzen du.

2016ko Turismoaren Legea eta erabilera turistikoko etxebizitzen eta logelen 2018ko Dekretua onartu zirenetik, Eusko Jaurlaritzak tresna ugari garatu ditu sektore horren ikuskapena indartzeko: jabeentzako eta turistentzako informazio-kanpainak; udalekin lankidetza-protokoloa etxebizitza turistikoei buruzko txostenak egiteko; iruzurraren aurkako postontzia legez kanpoko etxebizitzak detektatzeko; eta ikuskapena eta zehapena indartzea, 1.100 ikuskapen baino gehiagorekin eta 370 zehapen-prozedurekin 2023an.

Sailburuak nabarmendu du Euskal Autonomia Erkidegoak parte-hartze aktiboa izan duela Iraupen Laburreko Alokairuen Europako Erregelamendua egiten. Erregelamendu hori duela gutxi onartu da, eta, horren arabera, plataformek publizitatea egiten duten etxebizitzei buruzko informazioa partekatu beharko dute, legez kanpokoak antzeman ahal izateko.

Sailburuak nabarmendu du turismoaren jasangarritasunak ez diola soilik ingurumen-inpaktuari erreferentzia egiten, baita bertako biztanleekiko bizikidetzari eta espazio publikoaren erabileraren orekari ere. “Turismoak garapenerako motorra izan behar du, turismoguneetan bizi direnen artean errefusik eta haiei arazorik sortu gabe. Horregatik, kalitatean, dibertsifikazioan eta turismoaren kudeaketa adimentsuan oinarritutako ereduan ari gara lanean”, adierazi du.

Sailburuak " Todo un país de turismo IV: Viajar bien, vivir mejor" izena daraman jardunaldian parte hartu izanak berretsi egiten du Euskal Autonomia Erkidegoak turismo arduratsuarekin duen konpromisoa, Garapen Jasangarrirako Helburuekin eta ingurumenaren eta gizartearen aldetik bidezkoa den inpaktu txikiko ereduaren aldeko apustua egiten duten nazioarteko joerekin bat etorriz.

 

 

Otsaila 2025

AL AR AZ OG OR LR IG
          1 2
3 4 5 6 7 8 9
10 11 12 13 14 15 16
17 18 19 20 21 22 23
24 25 26 27 28