• BASQUE WEEK JAPAN
Turismoa merkaturatzeko jardunaldi arrakastatsua "Basque Week Japan"-en
Basquetourrek antolatu du jardunaldia, 50 bat turoperadore japoniar eta dozena bat euskal turismo-enpresen partaidetzarekin, eta Urkullu lehendakaria eta Hurtado sailburua bertan izan dira.
Iñigo Urkullu lehendakariak eta Javier Hurtado Turismo sailburuak turismoa sustatzeko eta merkaturatzeko jardunaldian parte hartu dute gaur, Tokioko erdiguneko hotel batean, “Basque Week Japan”-en.
Jardunaldi honetan Japoniako 50 turoperadore baino gehiagok bilera komertzialak egin dituzte Euskadiko dozena bat enpresa turistikorekin, helmuga japoniarren artean saltzeko asmoz. Eta partaideen esanetan, oso jardunaldi arrakastatsua izan da.
Bilerak hasi aurretik, Lander Imaz Basquetourreko marketin-arduradunak helmuga eta eskaintza aurkeztu dizkie profesional japoniarrei. Japoniako merkatuari, batez ere, confidential edo premium eskaintza interesatzen zaio, arlo kultural eta gastronomikoan zentratua. Hori dela eta, gaurko eguna euskal produktu gastronomikoen dastaketa batekin amaitu da.
“Basque Week Japan” hilaren 12an hasi zen, Toshimako Global Ringeko stand ezberdinen inaugurazioarekin. Bertan, karpak eta agertokiak jarri dira euskal astea sustatzeko ekintzetarako, besteak beste, informazio turistikorako gune bat. Turismo-erakundeez gain, “Basque Week”-en Euskadiko industria- eta kultura-arloko erakundeek ere parte hartzen dute.
Ostiralean, Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko ordezkaritza batek, Turismo sailburua eta Turismo Agentziako zuzendaria, Daniel Solana buru zirela, lan-topaketa bat izan zuen Eijiro Yamakitarekin, JTB Corporationeko CEOarekin, Japoniako bidaia-agentzia handi eta ospetsuenetako batekin eta munduko bidaia-industrian lider den enpresa batekin. 1912an sortua, JTB bidaia, turismo eta hotel zerbitzuak eskaintzen aritu da mende batez baino gehiagoz.
Bestalde, Basquetour Japonian egongo da hilaren amaierara arte; izan ere, 26tik 29ra, Osakan Jata azoka turistikoa egingo da, eta Euskadi urtero joaten da bertara. Bezperan, workshop bat egingo da hiriko turoperadoreekin.