Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   JASANGARRITASUN TURISTIKOA

Urdaibaiko Biosfera Erreserbak turismo-helmuga jasangarriaren Euskadiko lehen ziurtagiria jaso du

Ekoetxea Urdaibain, Urdaibaiko Biosfera Erreserba Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko zeremonia egin da; Gutun hori Europarc europar erakundeak ematen du Urdaibai turismo jasangarriko gaietan nazioarteko aitortza duen Euskadiko helmuga bakar bihurtu da Eskualdeko 16 turismo-enpresak ere Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko ziurtagiria eskuratu dute

1 / 2

Urdaibaiko Biosfera Erreserbak Europarc Federazioaren Turismo Jasangarriaren Europako Gutunari atxikitzeko ziurtagiria emateko zeremonia egin du Ekoetxea Urdaibain, gaur. Era horretan, Urdaibaik amaiera eman dio Gutunarekin bat egiteko lehen faseari, eta turismo jasangarriko gaietan nazioarteko aitortza duen Euskadiko helmuga bakar bihurtu da.

Ziurtagiri hori bide-orri bat da ekoturismoaren printzipioei heltzen dien turismoa garatzeko, inguruneko ingurumen, gizarte eta ekonomiaren errespetuan oinarritua. Gainera, aukera emango du nazioartean helmuga hori ezagutzera emateko eta, era horretan, lurraldearen kontserbazioaren eta garapen jasangarriaren arteko oreka babesteko, eskualde hori kalitatezko turismo-helmuga arduratsu eta seguru gisa bultzatuz, Euskadin erreferentziazkoa.

Ekitaldiak bi zati izan ditu. Lehendabizikoan, Javier Gómez Limón Europarc Federazioko ordezkariak Urdaibai-Busturialdea Euskadiko lehen turismo-helmuga jasangarria izatearen ziurtagiria eman dio Tapia sailburuari. Europarc Federazioak garrantzia eman dio gune babestuek turismo-estrategia bat landu eta garatzeari, helmuga jasangarri eta kalitatezko gisa antolatu ahal izateko.

Bigarren zatian, sailburuak eta Nikolas García-Borreguero Urdaibaiko Biosfera Erreserbako zuzendariak TJEG Turismo Jasangarriaren Europako Gutuneko II. Faseari atxikitzearen ziurtagiriak eman dizkiete jasangarritasun-parametroen arabera funtzionatzen duten eskualdeko lehen 16 turismo-enpresei. Portuondo kanpina, Astobieta landetxea, Aretxurieta landetxea, Hemmingway Kanala House, Atxurra Hotel-Ade rural, Gametxo hotela eta UrdaibaiKm0 apartamentuak izan dira ostatu sektorean ziurtagiria jaso dutenak; turismo aktiboko enpresei dagokienez, Laga surf Camp, Ur Urdaibai, Izkira, Ekobideak eta Europa Berria; Nekazaritzako elikagaien sektorean, berriz, Itsasxbela, Udastia, eta Bodemonte.


Aintzatespena proiektu kolaboratibo eta publiko-pribatu baten arrakastaren ondorio da, Urdaibai-Busturialdea bezalako toki batean, garapen jasangarria esperimentatzeko gune izateko helburua duen Biosfera Erreserba batean. Basque Green Deal akordioaren printzipioekin bat datorren lana da. Europako Itun Berdearen printzipioak jasotzen ditu, eta ekonomia- eta ingurumen-helburuak lortu nahi ditu, jasangarritasun-irizpideen arabera. Gainera, Urdaibai-Busturialdea da Euskadiko turismo-helmuga iraunkor nagusi bezala kokatzen du.

Ziurtagiria lortzeko 2019an hasi zuen bidearen arrakasta Urdaibaiko Biosfera Erreserban eskumena duten askotariko administrazioen arteko lankidetzaren eta enpresa-sektorearen partaidetzaren fruitua da. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailari atxikitako Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuak eta Urremendi Landa Garapenaren Elkarteak zuzentzen duten parte-hartze prozesu bat da.  

Topaketa Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak zuzendu du, eta hauexek parte hartu dute bertan: Jesus Maria Garcia Turismo eta Merkataritza sailburuordea, Amaia Barredo Ingurumen Jasangarritasuneko sailburuordea, Cristina Múgica Bizkaiko Foru Aldundiaren Lurralde eta Turismo Lehiakortasuneko zuzendaria, Ager Lejarreta Urremendi Landa Garapeneko Elkartearen burua.

Urdaibai-Busturialdea Turismo Estrategiako Ekintza Planaren garapenean ekimenez parte hartzen dutenez, ekitaldian izan dira, halaber, Aritz Abaroa Bermeoko alkatea, José Mari Gorroño Gernika-Lumoko alkatea.

Proiektuak erakunde hauexen lankidetza du: Euskadiko Turismoaren Euskal Agentzia –Basquetour–, Bizkaiko Foru Aldundia eta Urdaibaiko Turismo Jasangarrirako Elkartea –TOURDAIBAI–, baita gizarte zibila ere, Foro Iraunkorraren bitartez.

Gunearen ziurtapenerako lehen fasea arrakastaz gainditu ondoren eta turismo-enpresak atxikitzeko bigarren fasea hasitakoan, Urdaibaiko Biosfera Erreserbako Zerbitzuak TJEGren hirugarren eta azken faseari ekingo dio; fase horretan, bilatuko da helmugako turismo-eskaintza jasangarria merkaturatzea sustatzen duten bidaia-agentziak Urdaibai-Busturialdeko Estrategiari atxikitzea.

Turismo Jasangarriaren Europako Gutuna

TJEGren helburu nagusia da jasangarritasunari lotuz turismoaren garapena sustatzea. TJEG turismo jasangarriaren printzipioak aplikatzeko metodo bat eta konpromiso boluntario bat da, jasangarritasunaren aldeko apustua egiten duten lurraldeetako kudeatzaileei eta enpresei bideratua, beren estrategiak modu partekatuan zehaztu ditzaten.

Egun, 168 gune atxiki zaizkio TJEGri, 20 herrialdetan sakabanaturik. Ziurtapen horren abantailen artean, nabarmendu behar da Europan turismo jasangarriko gaietan bikaintasun lurralde izateagatik saritzen dela, gizarte eta ekonomiaren garapen orekatua bultzatzen dela eta kalitatezko produktu turistikoak, jatorrak eta ingurunearekin bat datozenak, garatzen direla.

Urdaibai, Euskadiko Biosferaren Erreserba

Urdaibai UNESCOren Biosfera Erreserba deklaratu zen 1984an, Eusko Jaurlaritzak hala proposatuta, haren ingurumen-balioari eusteko gizarte-mugimendu handi baten eta jasangarritasunerako erreferentziazko ingurune bilakatu ondoren. Oka ibaia eta bertako padurak dira haren erdigunea, ingurumen-balio handiko paisaiak. 22.000 hektareako ingurune hori Matxitxakotik Arboliz Puntaraino hedatzen da, eta Oiz du hegoaldeko muga; 45.000 pertsona inguruko biztanleria du, historiaz, kulturaz, gastronomiaz eta natur ondarez betetako 22 udalerritan banatua.

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31