• SARIAK
Alfredo Retortillok 2018 urteko Turismo, Komertzio eta Kontsumo Sariak banatu ditu
Proposamen berritzaileak, iraunkorrak, ibilbide profesionalak eta zenbait proiektuk aipamen berezi jaso dute. Sailburuak nabarmendu du Eusko Jaurlaritza turismoaren aldeko apustu tinkoa egiten ari dela, komertzioa erronka berrien aurrean dagoela esan du eta kontsumo arduratsuaren kontzientzia areagotzearen beharraz hitz egin du.
Gasteizko Europa Jauregiak 2018 urteko Turismo, Kontsumo eta Komertzio Sarien banaketa ekitaldia hartu du gaur arratsaldean. Eusko Jaurlaritzak antolatzen duen ekitaldian, besteak beste, sektoreko profesionalek egiten duten lana goratu da.
Ekitaldian zehar Alfredo Retortillo sailburuak azpimarratu du turismoan beharrezkoa dela iraunkortasunaren eta hazkunde orekatuaren aldeko apustua egitea, eta turismo industriala aldarrikatzearen beharra, herrialderen historia osoaren irudia egonkortzeko.
Nobedade nagusi bezala, Kontsumobidek egindako deialdiari jarraituz Kontsumo Sariak banatu dira gaur iluntzean. Sailburuaren hitzetan, Kontsumo Sariak jaso dituzten pertsona eta entitateek kontsumitzaileek bere eskubideak ezagutzeko egiten duten ahaleginari esker, baita eskubide horiek praktikan jartzeko ere, departamentuaren lana indartu dute.
Sari banaketa ekitaldia hiru multzotan banatu da, eta guztira dozena bat pertsonek eta entitatek jaso dute saria. Besteak beste, proposamen berritzaileak, iraunkorrak eta ibilbide profesionalak saritu dira. Era berean, bi kategoriatan aipamen bereziak egin dira.
Komertzio Sariak banatu ondoren, etorkizuneko erronkak izan ditu hizpide Alfredo Retortillo fokua herritarrengan jarriz, hain zuzen, herritarren erosketa ohituretan. “Herritarrok gara komertzioa bizi mantendu behar dugunak; kontsumitzaile gisa eskubidea eta askatasuna daukagu erosketak nola eta non egin, baina kontziente izan behar dugu egiten dugun aukeraketa horrek gizarte eredu bat sortzerakoan eragina izango duela”.
Sariak
Jarraian, kategoriaz kategoria sarituak izan diren pertsona eta entitate zerrenda.
Turismo Sariak 2018
- Berrikuntza Saila.
Donostiako Arima Hotela, 2017 urtean hasitako proposamen berritzaileagatik. Kalitatea, lehiakortasuna eta berrikuntza ditu oinarri, bai ostatu hartzeko baita eskaintza gastronomikoan ere. Merkatuak hartu duen norabidea jarraituz, iraunkortasunaren eta berrikuntzaren aldeko apustu garbia egin du. - Turismo Jasangarria.
Albaola Itsas Kultur Faktoria, ingurugiroari nahiz gizarteri egiten dion ekarpenengatik; bere jardunak Barne Produktu Gordinean daukan inpaktu ekonomikoarengatik; Pasaiako badiaren ekonomia susperraldian egin duen lanarengatik; eta Basque Country marka helmuga turistiko gisa nazioartean kokatzen laguntzeagatik. - Ibilbide Profesionala.
Juan Angel Bizkarra, Gautegiz-Arteagako Txopebenta Nekazaletxean egin duen ibilbideagatik; 1990. urtean inauguratu zen, Euskal Autonomi Erkidegoan eta Espainiar Estatuan zabaldu zen lehena. Landa-turismoan aitzindaria izateaz gain, administrazioarekin elkarlanean ezinbesteko ekarpena egin zuen landa-turismoaren jarduera sortzeko laguntza taldean. - Aipamen Berezia.
Ruta del Vino de la Rioja Alavesa, Euskal Turismoaren sektoreari egin dion ekarpenagatik eta Rioja-Alavesa-Euskadiko bigarren topaketa enogastronomikoa antolatzen irizpide jasangarriak kontuan hartzeagatik.
Komertzio Sariak 2018
- Enpresen arteko Kooperazio Saila.
Dibalsandro, SL-Cardenal Bilbao, arropa taila egokia aukeratzen laguntzen duen eta itzulketak ekiditen dituen NAIZ FIT app-aren lantaldearekin eta online salmenta areagotzea helburu duen ITKSM teknologia garatu duen Marta Goikolearekin sortutako kooperazioagatik. - Berrikuntza kategoria.
Libros y Juguetes Cejota S.L. Astrolibros, zerbitzua eta kultura uztartuz liburu-denda kudeatzeko modu berritzailea garatzeagatik, eta online dendari jartzen dion arreta eta mimoarengatik. - Ibilbide Profesionala.
Delicatessen López Oleaga, “Casa López Oleaga”, 1904. urteaz geroztik izan duen bilakaerarengatik. Egun, laugarren belaunaldia ari da familia negozioa kudeatzen, eta aurrekoek bezala, garaietara egokitzeko gaitasuna azaltzeaz gain, kalitatea eta bezeroarekiko arreta mantendu dute ezaugarri nagusi merkatal-gune handiekin lehiatu behar duten arren. - Hiriguneko Dinamizazio kategoria.
Gorbea Kaleko Merkatari eta Ostalaritza Elkartea, beti prest dagoelako eta eskura dituen baliabideak erabiliz dinamizazio lan ikaragarria egiten duelako. - Ekintzailetza kategoria.
Galeria 8360, emakumezkoeen ekintzailetza balorean jartzeagatik. 2015 urteaz geroztik ama eta alaba erabilera anitzeko gunea kudeatzen dute hainbat jarduera jorratuz: diseinua, kontzertuak, erakusketak, gourmet gunea… beti ere eurak sortutako produktuak oinarri. - Aipamen berezia.
Biba Moda dendako Marta Rosa Ortiz Clysson, ibilbide profesionalarengatik. Pasioz bizi du bere lanbidea, baikortasunez zipriztintzen du, baina une zailenetan ere. Lankidetzan aritzeko beti dago prest, eta elkarteari bere ekarpenagatik ematen dion balio erantsiarengatik.
Kontsumo Sariak 2018
- Ibilbide profesionala.
Menaza Ezenarro, kontsumoaren esparruan Ibilbide oparoa egin duelako eta aitzindaria izan delako, beti ere Euskadiko kontsumitzaile eta erabiltzaileen eskubide eta babesari lotuta. - Kontsumitzaileak babesteko eta formatzeko Saria.
Irungo Kontsumitzaileen Informaziorako Udal Bulegoa, 1984. urtean zabaldu zen eta besteak beste, aitzindaria izan da ikastetxeetan kontsumoaren inguruko formazio lanean.