• ESTATISTIKA DATUAK
Euskadik bisitari gehiago izan ditu Aste Santu honetan Covid-aren aurretik baino
EUSTATek gaur argitaratutako Euskadiko turisten sarreren datuak, apirilean, 2019ko apirilekoak baino handiagoak dira.
Urteko lehen lauhilekoak nazioarteko turismoaren susperraldia erakusten du, bai eta pandemia aurreko kopuruen oso antzekoak ere.
Gaur EUSTATen datuak argitaratu dira Euskadiko hotel-establezimenduetako sarrerei eta ostatu-gauei dagokienez; 2021aren aldean hirukoiztu egin dira, eta sarreren kasuan 2019koak gainditzen dituzte, pandemia iritsi aurretik.
Hotel-establezimenduetako sarrerak % 4,3 hazi dira 2019ko apirilekoen aldean, eta % 207 2021ekoekin alderatuz gero. 2022ko lehen lauhilekoko bilakaera oso positiboa izan da, 2019tik hurbil dauden zifrekin, 2 puntu baino gutxixeago, nahiz eta otsailean eta apirilean 2019ko hilabete berdinetakoak gainditu dituzten.
Nazioarteko turismoa, mugikortasunaren murrizketek 2021ean kaltetu zutena, suspertuz joan da lauhileko honetan, 2019ko lehen lauhilekotik -%0,4ra bakarrik geratuz. Joera positiboa adierazten duten datuak dira, kontuan hartuta 2021eko udan nazioarteko turismoa % 34 jaitsi zela.
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak Euskadi sustatu du Aste Santu honetarako, «Bizit Euskadi» kanpainarekin, eta udarako sustapena areagotzen ari da Estatuko eta nazioarteko helmugetan, hala nola Portugalen, Frantzian, Erresuma Batuan, Alemanian eta Beneluxen, bai produktu-kanpaina hipersegmentatuekin, bai helmugako hainbat sustapen-ekintzekin, bai prentsa-bidaiekin eta turoperadoreekin.
Berrienen artean, asteartean aurkezpena egin zen turoperadoreen aurrean Porton, eta aste honetan hainbat herrialdetako kazetari talde bat Euskadira joango da, naturan eta ekoturismoan oinarrituta. Gainera, hilabete honetan, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak merkaturatzeari buruzko CEAV jardunaldietan eta ROUTES Europe nazioarteko konektibitate azokan parte hartu du, besteak beste.