Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA 2021

“Euskara talde-lana da” da aurtengo leloa

“Euskara talde-lana da” lelopean, kirolari erreferentzia argia eginaz, ostiral honetan, hilak 3, Euskararen Nazioarteko Eguna ospatuko da, euskal erakundeen adierazpen ofizial batekin eta bi ideia nagusirekin:

1.- Euskara lanabes, aro berrirantz

2.- Erabilera-eremu berri eta ez formaletan ere, euskarak arnas berri

Adierazpena pandemiaren eragina, baita euskaran ere, gogoratzen hasten da: “Gurekin batera egin dio euskarak pandemiari aurre eta gurekin irten behar du garaile. Aro berrian ohitura eta bide berriak sortzen ari dira eta are berriagoak eta harrigarriagoak sortuko dira aurrerantzean. Pandemiak agerian utzi du jakin bagenekiena: zenbateraino diren ezinbestekoak komunikazio ildo eta sareak. Eta hori bera du euskarak erronka: komunikazio eta jarduera eremu berrietan ere, naturaltasun osoz, dagokion tokia hartzea”

Komunikatzeko teknologi berriak ere aipatzen ditu eta euskal hiztunen komunitatearen jarrera proaktiboa azpimarratzen du. Euskara, jarrera proaktibo honi esker, “IKTek hizkuntza gutxituen hedapena eta indartzerako ekarri duten erronka handiari aurre egiten ari zaio, komunikazio eta informazioaren teknologien sareetan”.

Baina euskal erakunde publikoen adierazpen honek egungo egoerak beste eransketa bat eskatzen digula dio, hau da, euskara eremu formaletatik ez formaletara ateratzea: “Baina pandemiaren osteko aro berriaren hasiera honek beste ikuspegi bat eranstea eskatzen digu: hizkuntzaren erabilera formalekin batera, eremu ez formaletakoa landu beharra dago, behar besteko lehentasunez. hori bera baita, hain zuzen ere, euskaraz bizitzearen esanahietako bat. Eta hor aurrera egiteko, hiztunen konpromisoa ez ezik ezinbestekoa izango da instituziook egin behar dugun ahalegina: bitartekoak jarriz eta eredugarritasuna erakutsiz…alor horretan euskararen erabilerak jauzi bat egiteak errotik eta norabide zeharo positiboan aldatuko luke hiztun asko eta askorengan, oso bereziki gazteengan, euskararekiko bizipena”.

Zentzu honetan, kirol eta aisialdi eremuek duten balioa azpimarratzen dute: “Aisialdi eta kirolaren eremuek badituzte, bestalde, berezko ezaugarri baliotsuak hizkuntza erabiltzeko ohituren aldaketari dagokienez…Nekez bilatuko genuke esparru egokiagorik gazteengana iristeko, euskararen erabilera ez formalari berebiziko bultzakada emateko”

  

Martxoa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30 31