Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   JARDUERA-PROGRAMA

Gasteizko Bataila gogoratzeko jarduera-programa erakargarria, Gasteizen eta Arabako beste hainbat tokitan

Retortillo sailburuak azaldu duenez, “Europako ondarearen elementuak eta, zalantzarik gabe sustatu beharreko turismo-trakzioa dira”. Gasteizko Batailaren IV. Nazioarteko Antzezpen Historikoa, Santa Isabel hilerrian Alaba Jeneralari egingo zaion omenaldia eta Batailaren heroien omenez eta, bereziki, Andre Maria Zuriaren plazako eskulturan ageri diren erregimentu eskoziarren omenez eskainitako kontzertua izango dira jarduera nagusiak ekaineko programan.

Ekainean programa erakargarria izango da Gasteizko Batailaren inguruan, eta Arabako hiriburuan eta inguruko herrietan 1813an bizitako gertaera historikoak gogoratuko dira, hainbat jarduera tarteko: bisita gidatuak, kanpamenduen antzezpenak, Napoleonen garaiko gudu eta desfileak eta hainbat omenaldi. Vitoria 2013 Elkarte Historikoak eta "Batalla de Vitoria 1813" Antzezpen Historikoaren Elkarteak antolatu dute programa, eta Gasteizko Udalaren, Arabako Foru Aldundiaren, Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailaren eta Vital Fundazioaren laguntza izan du.

Programari hasiera emateko, bihar, ekainak 9, bisita gidatua izango da 1813ko ekainaren 21eko gertaerak izan ziren administrazio-batzarretako lehendakari eta alkateentzat. Agintariak Gasteiztik abiatuko dira Argantzun, Jundiz, Zuhatzu, Gamarra, Durana eta Santa Luziara, gertaerak bataila-gunean bertan ezagutzeko, eta "historia propioa gogoratu, eta garai hartan hain gaizki pasa zuten bizilagunen historia ezagutzeko. Horretaz gain, bertako turismoa sustatzeko irekitako leihoa ere bada" adierazi du jarduera hau antolatu duen Vitoria 2013 Elkarte Historikoaren lehendakari Emilio Larreinak.

Ekainaren 15ean, 16an eta 17an, Gasteizko Batailaren IV. Nazioarteko Antzezpen Historikoa egingo da, "Batalla de Vitoria 1813" Antzezpen Historikoaren Elkarteak antolatuta. Antzezpen taldeak hilaren 15ean, ostirala, iritsiko dira eta bi kanpamendu jarriko dituzte Armentian, bata, frantses inperioarena eta bestea, aliatuena.

Larunbatean, bisitariek Napoleonen garaiko kanpamendu baten ohiko bizimodua ezagutu ahalko dute. Arratsaldean, Colek Ariniz eraso zueneko antzezpena ikusi ahalko da Armentia baselizako zelaietan. Larunbat goizean, desfilea egingo da hiriaren erdialdean, eta hainbat omenaldi izango dira Gasteizko Batailaren eta Alaba Jeneralaren monumentuen aurrean.

Igande goizean, Napoleonen kanpamenduaren antzezpenaz gain, Longak Duranan egindako erasoaren antzezpena ikusi ahal izango da, Armentia hegoaldeko zelai batean. Programazioak San Joan egunaren inguruan, ekainaren 23an, jarraituko du, eta beste antzezpen bat izango da Argantzunen.

Antzezpena antolatzen duen elkarteko lehendakari José Ramón Gilek adierazi duenez, "gure historiaren hirian eta identitatean oinarritutako antzezpen hau bezalako ekintza bitxi eta bakarrek kanpora duten proiekzioa nabarmendu behar da; Napoleonen Hirien Sarean eta Europako Biltzarrak duela hiru urte onetsitako Europar Kultur Ibilbideen barruan sartuta dago".

2018ko ekainaren 30ean emango zaie amaiera jarduerei, Santa Isabel hilerrian, 12:00etan, Alaba Jeneralari egingo zaion omenaldiarekin (Vitoria 2013 Elkarte Historikoak antolatuta) Bertatik gaita-jotzaileen kalejira abiatuko da Andre Maria Zuriaren plazaraino eta han kontzertua izango da, eta "Heroes of Vittoria” pieza joko dute,, besteak beste, Heroes of Vittoria” pieza joko dute; John McLellan “Dunoon” musikagile ospetsuak konposatu zuen, Gasteizko Batailaren heroien omenez eta, bereziki, guduan parte hartu zuen erregimentu eskoziarren omenez. Bitxikeria gisa, aipatzekoa da Andre Maria Zuriaren plazako monumentuan Highlanderrak islatzen dituen irudi bat dagoela: kilt edo eskoziar gona daraman soldadu bat.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo kontseilari Alfredo Retortillok dioenez, "Gasteizko Batailak Napoleonen Batailen Europako mapan jartzen ditu Gasteiz eta Euskadi, beste leku garrantzitsu batzuekin, Waterloo eta Borodinó esaterako. Europako ondare komunaren elementu dira, eta sustatu beharreko turismo erakarle handia".

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren diputatu Cristina Gonzalezek "Gasteizko Bataila bezalako gertaera historiko handiak bere horretan dira turismo erakargarri, eta munduan milaka pertsona mugiarazten dute" azpimarratu du. "Bataila hau Gasteizen ez ezik inguruko beste hainbat herritan ere gertatu zen, eta Aldundia lanean ari da herri horiek ere gertakari hori baliatzerik izan dezaten, ezagutzera emateko eta bisitariak erakartzeko".

Nerea Melgosa Turismo zinegotziak jarduera-mota honek gure hiria sustatzeko duen interes berezia nabarmendu du, eta ez hiriaren inguruan bakarrik. "Gasteizko Udalak Gasteiz hiri Napoleoniko gisa sustatzeko estuki lan egiten du Europako sarea osatzen duten gainerako udal eta herriekin. Gure ustez historia oso garrantzitsua da turismorako, eta aprobetxatu egin behar dugu. Gasteizek badu zer esan eta zer erakutsi. Hala jasotzen du berriki onetsi dugun Turismoko Gida-planak, zeinek kultur eta ondare turismoan egiten baitu indar, hiriak bere irudia eta xarma proiektatzeko dituen aukera onenen artean".

Bestalde, Vital Fundazioko zuzendari Josune Albizuk azpimarratu egin du jarduera-mota honek historia ezagutzera emateko duen garrantzia. "Gertakari historikoetan oinarritutako antzezpen hauei esker, belaunaldi berriek gure ondarea ezagutu eta babestu dezakete (materiala zein materiagabea), eta hori da Vital Fundazioak Gasteiztarrekin duen konpromisoetako bat".

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31