Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   UMBRA LIGHT JAIALDIA

Umbra Light jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Gasteizko Erdi Aroko almendra eta zabalgunea, otsailaren 21ean, 22an eta 23an

Ibilbidea antolatu dute hiriko 18 tokitan izango diren instalazioez, proiekzioez eta ikuskizunez gozatzeko. Estatuko nahiz nazioarteko artista entzutetsuek hartuko dute parte.

Gasteizko Umbra Light jaialdiak argiz eta artez beteko ditu Gasteizko Erdi Aroko almendrako eta zabalguneko leku publiko eta eraikin ezagunak, otsailaren 21ean, 22an eta 23an, eta, horrela, hiria eta lurraldea erreferente izango dira turismo, kultura eta teknologia arloan.

Lehen aldiz egingo den jaialdian, 18 argi instalazio, proiekzio eta ikus-entzunezko ikuskizunez gozatzeko gaueko ibilbidea antolatu dute. Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak babestutako ekitaldi honekin batera, kulturarekin lotutako eta profesionalentzako programa bat izango da.

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Cristina González Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismoaren Sustapenaren Saileko diputatuak eta Maider Etxeberria Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak aurkeztu dute gaur jaialdiaren programa prentsaurreko batean, ekitaldia antolatuko duen zuzendaritza taldeko Joaquín Pérez-Goicoechea, Rafael Gallego eta Carlos Torrijosekin batera.

Umbra Light jaialdia otsailaren 21ean, 22an eta 23an izango da, 19:00etatik 23:00etara. Inaugurazio ofiziala otsailaren 21ean, osteguna, izango da, arratsaldeko zazpietan, Espainia plazan, eta Gasteizko udaletxearen fatxada argiztatuko dute. Ordutik aurrera, ikuskizunak aurrera egingo du Erdi Aroko almendrako eta zabalguneko aire zabaleko hainbat eremu publiko, eraikin historiko eta berdegune lotuko dituen ibilbidearen bidez.

Ibilbideak 18 geraleku izango ditu eta horietan instalazioak, argiztapenak, proiekzioak eta ikus-entzunezko ikuskizunak izango dira: katedral berriko lorategiak, Florida parkea, Foru plaza, Espainia plaza, San Migel eliza, Probintzia plaza, XI. mendeko harresia, Frai Zacarias eraikinaren ondoko lorategiak, Oihaneder jauregia, ur biltegia, Kontrast Afrika murala (Eskola kalea), Gasteizko garaipena murala (Santa Maria kalea), Eskoriatza-Eskibel jauregia, Santa Maria plaza, Santa Mariako kripta, Denboraren harira murala (Burulleria plaza) eta Alamedako markesaren plaza.

Gasteizko alkateak, Gorka Urtaranek, nabarmendu duenez, “oso hiri erakargarria dugu, eta jendeak gero eta gehiago atsegin du, eta horrelako ekimenek erakusten dute erakunde guztiek batera lan eginda gai garela ekitaldi handiak arrakastaz antolatzeko”. Alkateak gasteiztarrak eta beste hiri batzuetako herritarrak gonbidatu ditu hiru egunetan hiria argiz eta kolorez beteko duten saioetara hurbiltzera.

Cristina Gonzálezek, Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren eta Foru Administrazioaren Saileko foru diputatuak, bere aldetik adierazi duenez, Umbra Light jaialdiak “hirian eta lurraldean mugimendua sortuko du behe denboraldian; turismo sektorean urtarokotasuna murrizten lagunduko du, eta eragin positiboa izango du gure hotel eta landetxeetan, taberna eta jatetxeetan, eta merkataritzan. Jaialdia aurten egingo da lehen aldiz, baina gure asmoa da jarraipena izatea”.

Maider Etxebarriak, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko zuzendariak, nabarmendu duenez, jaialdiari esker “hiriko eguneroko tokiak beste era batera ikusiko ditugu, leku horiei beste modu batean begiratuko diegu eta harritu egingo gara. Eta jakina, orain eta etorkizunean Gasteizek, Arabak eta Euskadik izan behar dituzten balio gakoak jorratu eta indartuko ditugu: natura eta ingurumena, ondarea eta artea, teknologia eta berrikuntza, eta gizarte konpromisoa”.


Programazioa eta programa osagarria

Umbra Light jaialdian ikusgai izango diren instalazio, argiztapen eta proiekzio gehienak (14) ekitaldi honetarako sortu dituzte berariaz; izan ere, light art delakoan edo argiztapenean esperientzia handia duten estatuko nahiz nazioarteko artista ugari erakarri ditu ekitaldiak.

Besteak beste, Frantziako, Alemaniako, Argentinako eta Espainiako artistek hartuko dute parte, baita bi euskal artistak ere. Gasteizen ikusi ahal izango dira, hain zuzen ere, lehen aldiz Espainian, Frantziako zenbait artistek Londreseko Lumiere eta Lyongo Le Fête des Lumières nazioarteko jaialdi entzutetsuetarako sortutako argi instalazioak, bai eta nazioarteko beste jaialdi askotan parte hartzen duen artista alemaniar baten lana ere.

Lan guztiek jorratzen dituzte kultura, natura eta ingurumena, teknologia eta berrikuntza eta gizarte konpromisoa. Gasteizko Umbra Light jaialdia antolatu duen zuzendaritza taldeko Carlos Torrijosen esanetan, “oso harro gaude gaur aurkezten ari garen programa honetaz, estatuan nahiz nazioartean ospe handia duten artistek parte hartuko dutelako eta instalazio gehienak gure hiriko guneetarako prestatu dituztelako berariaz, argiaren bidez leku horiek eraldatzeko. Artista ugarik agertu dute parte hartzeko interesa. 70ek baino gehiagok erantzun zioten deialdiari. Ziur gaude aukeratutako instalazioek ikusleak harrituko dituztela eta gozaraziko dietela”.

Gainera, bestelako ekintza osagarriak ere izango dira: dibulgazio jarduerak, Arabako Astronomia Elkartearen eskutik, neguko zerua gauez behatzeko, otsailaren 22an eta 23an, eta profesionalentzako sinposioa: Abangoardia argiak, otsailaren 21eko goizean, Villa Suso jauregian.

Horrez gain, hiriko leku estrategikoetan (Loma Jenerala plaza eta Aihotz plaza) kokatutako bi informazio gunetan, gidari turistikoek orientazioa eta laguntza emango diete bisitariei (jaialdiaren programa, ordutegiak, ibilbidea…).

Abendua 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
            1
2 3 4 5 6 7 8
9 10 11 12 13 14 15
16 17 18 19 20 21 22
23 24 25 26 27 28 29
30 31