Web gune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak eta beste batzurenak. Gure cookien politikari buruz gehiago irakurri dezakezu.

  •   TURISMOAREN ASTEA

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo saila Euskadiko Hotel eta Ostalaritza elkarteekin batu da

Sonia Pérez Ezquerra Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburua eta Goyo ZurroTurismo eta Ostalaritzako zuzendaria, gaur goizean, Euskadiko hiru lurraldeetako hotel- eta ostalaritza-elkarteetako ordezkari nagusiekin batu dira. Topaketa Donostiako Arima hotelean izan da; 2018ko Euskadiko Turismo Saria jaso du hotelak, Berrikuntzaren kategorian.

Ekitaldia Turismo Astearen esparruan egin da, eta bi sektore horien errealitatea partekatzeko, azken urtean eginiko esperientzia publiko-pribatuen diagnostikoa egiteko eta Sailaren eta deitutako elkarteen artean sinatutako programei eta lankidetza-hitzarmenei buruz eztabaidatzeko balio izan du.

Sailburuak azpimarratu du zer garrantzitsua den lan-arriskuen prebentzioa; beraz, ostalaritzaren sektorearekin jardunaldi espezializatua egingo dela iragarri du, langileen autobabeserako neurriak eta prebentzioa eta erabiltzaileentzako eta bezeroentzako larrialdietako arreta aztertzeko.

Gainera, aztertutako gaien artean, Espainia Berdea markaren lidergoa sektorearentzat sortzen ari den aukerak ebaluatu dira; marka horrek Kantauriko autonomia-erkidegoak batzen ditu eta, horien artean, Euskadi. Erkidegoz gaindiko lankidetzatik sortutako ekimen bat “Peregrinos por el Norte” turismo-proiektua da; zerbitzu bereziak eskaintzen dizkie Donejakue bidea egiten duten erromesei, Kantauriko lau erkidegoetako bakoitza zeharkatzen duten tarteetarako (Galizia, Asturias, Kantabria eta Euskadi).

Beste gai bat ere aztertu da: Kontsumobidetik ostalarien elkarteekin ekindako lankidetza; hura ostalaritza-enpresek bezeroei dagokienez eta kontsumoaren arloan jardunbide egokiei buruzko informazioa ematen duen sektorerako argitalpen batean islatu zen. Halaber, batera eginiko kanpainetan, kontsumo arduratsuan eta jasangarrian eragiten da, elikagaiak alferrik ez galtzeko edo praktika ez jasangarririk ez egiteko aholkuekin –esaterako, erabilera bakarreko tresnak erabiltzea–.

Topaketan, era berean, “Euskadi Gastronomika” produktu-klubaren egoerari buruzko analisia egin da; bertan, euskal ostalariek eginkizun esanguratsua dute. Euskadi Gastronomika Turismoko produktu-klub finkatua da; bisitariei kalitateko zerbitzuak eta lehen mailako esperientziak eskaintzen dizkie, jatorritik mahaira artekoak, zenbait baliabideren bidez, besteak beste: sagardotegiak, jatetxeak, gaztandegiak, pintxo-merkatuak edo -tabernak. Aldi berean, kalitateko bereizgarriak dituzten bertoko produktuen berri ematen zaie, esaterako, Arabako Errioxako ardoa, Idiazabal gazta edo Arabako, Bizkaiko eta Getariako txakolinak edo Euskal Labeleko beste produktu batzuk.

Topaketan Elena Pérez Barredo Lan eta Gizarte Segurtantzako zuzendaria ere izan da; lan-jardunaldiaren erregistroari buruzko lege-dekretua azaldu du, eta, gero, Euskadiko turismo-enpleguaren egoera aztertu duen mahai-inguruan sartu da.

“Euskal turismo-enpleguaren erronkak” mahai-inguruan honako hauek ere parte hartu dute: Ane Miren Arcek, Ficoba Azokako merkataritza-zuzendariak, zeinak Turislan, Turismo arloko Enplegu Azokaren esperientzia aurkeztu baitu, eta Nerea Fernández de Ortegak, zeinak Francisco de Vitoria turismoko LHko zikloko ikasleen praktiketako programari eta lan-poltsari buruz hitz egin baitu. Halaber, Kino Martínez Gipuzkoako Ostalarien Elkarteko idazkari nagusiak parte hartu du.

Hitzaldian, euskal turismo-enpleguaren ezaugarriak zehaztu dira. Azken urteotan, bere hazkuntza jarraitua izan da, eta, dagoeneko, ehun mila postu baino gehiago daude. Turismoaren lan-merkatuaren hazkuntza soldatako langile gehiago eta autonomoen kopuru txikiagoa ekartzen ari da. Era berean, emakumezkoen presentzia areagotu egin da eta, gaur egun, Biztanleria Aktiboaren azken Inkestak dio turismo-jardueretan okupatuta dauden pertsonen % 53 gizonezkoa dela eta % 47 emakumezkoa.

Azaroa 2024

AL AR AZ OG OR LR IG
        1 2 3
4 5 6 7 8 9 10
11 12 13 14 15 16 17
18 19 20 21 22 23 24
25 26 27 28 29 30