Ziurtagiria bi urtean behin eguneratzeak bermatzen du helmugak egindako lana THA ereduaren oinarrizko bost ardatzei leial jarraitzen diela
Arabako Errioxa eskualdeak bere Turismo Helmuga Adimenduna diagnosi-txostenaren jarraipen-lanei ekin die, eta datozen asteetan, SEGITTURek egiaztatuko du euskal helmugak THA metodologia ezartzeko egin duen aurrerapena; metodologia hori Turismoko Estatu Idazkaritzak sustatzen du erakunde publiko horren bitartez. Lan horietan Eusko Jaurlaritzaren Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren babesa dute.
2022ko abuztuan lehen diagnostikoa osatu zutenetik, berrikuspen-prozesuari atxikitzen zaion lehen aldia da. Jarraipen-prozesu honek segida emango dio erakundeak lehendik hartutako konpromisoari, hau da, gobernantzan, irisgarritasunean, jasangarritasunean, berrikuntzan eta teknologian oinarritutako turismo-kudeaketa bideratzeari, THA eredua oinarri hartuta.
Jarraipen-lanek helmugaren ibilbide-orri berria finkatuko dute, indarrean dagoen THA metodologiaren arabera (guztira 97 baldintzak eta 261 adierazlek osatua). Berrikuspen-prozesu horren emaitza diagnosi-txosten berri bat izango da; bertan, helmugaren egoera azalduko da, baita Arabako Errioxak turismo-kudeaketaren alorrean hobetzen jarraitzeko bete beharko dituen gomendioak ere.
THA bereizgarria berritzeak bermatzen du helmugak bost ardatz estrategikoetan oinarritutako ereduaren lanekin eta filosofiarekin bat egiten jarraitzen duela. Horrela, bi urtean behin, diagnostikoa eguneratzeko prozesua abiatzen da, betetze-maila berri bat lortzeko eta, horrekin batera, ekintza-plan berri bat eta beste bi urterako bereizgarria eskuratzeko.
Turismo Helmuga Adimenduna (THA) programa
Turismo Helmuga Adimenduna programa Turismoko Estatu Idazkaritzak (SETUR) sustatutako eta Berrikuntza eta Teknologia Turistikoak Kudeatzeko Estatuko Merkataritza Sozietateak (SEGITTUR) kudeatutako proiektua da. Haren helburua turismo-helmugetako lehiakortasuna eta bertako bizilagunen bizi-kalitatea hobetzen laguntzea da, bost jardun-eremutan eraginez: gobernantza, berrikuntza, teknologia, jasangarritasuna eta irisgarritasuna.
Euskadin, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak gidatzen eta laguntzen du proiektu horren hedapena, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bitartez, SEGITTURekin eta parte hartzen duten helmugekin elkarlanean.
Ekimena 2012-2015 aldirako Turismo Plan Nazional eta Integralean sortu zen, eta helmugetan berrikuntzak azkar txertatzea errazteko mekanismo egokiak sortzen ditu.
Turismo Helmuga Adimenduna honela definitzen da: punta-puntako teknologia-azpiegitura baten gainean finkatutako turismo-helmuga berritzailea, turismo-lurraldearen garapen jasangarria bermatzen duena, guztiontzat irisgarria dena, bisitariak inguruarekin duen elkarrekintza eta integrazioa errazten duena, eta bisitariak helmugan duen esperientziaren kalitatea zein bizilagunaren bizi-kalitatea hobetzen dituena.
Helburu horiek lortzeko, THA programak turismo-jardueraren zeharkakotasuna eta helmuga bakoitzaren ezaugarri bereizgarriak kontuan hartzen dituen kudeaketa-eredua ezartzea sustatzen du. Diagnostiko-metodologia baten inguruan artikulatzen da (97 baldintza eta 261 adierazletan oinarritua), eta horrek gomendio-sistema bat eta monitorizazio-sistema bat dakar. Horiek dira ereduaren oinarrizko elementuak, eta helmugaren kudeaketa etengabe hobetzeko prozesua ahalbidetzen dute, turismoaren egungo eta etorkizuneko erronketara egokituta.
Espainiak garatutako THA eredua erreferentzia da nazio zein nazioarte mailan, eta jardunbide egokitzat jo dute Turismoaren Mundu Erakundeak, Europako Batzordeak, Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak eta Garapenerako Banku Interamerikarrak. Halaber, THA ekimena 2019ko Espainiako Hiri Agendaren parte da.