Basquetourren parte-hartzearen bidez, turismoa arlo aktibo gisa sendotzen da berrikuntzaren euskal estrategian; batez ere, digitalizazioan, jasangarritasunean eta esperientzia berrien garapenean.
Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak Innobasque Berrikuntzaren Euskal Agentziaren XIX. Batzar Nagusian parte hartu du asteazken honetan, Gasteizko Ondare eraikinean.
2008tik Innobasqueko kide laguntzailea denez gero, Basquetourrek lotura estua du euskal berrikuntza-sare nagusiarekin. Sare horrek 900 erakunde baino gehiago biltzen ditu, guztiak ere ezagutzaren, teknologiaren eta berrikuntzaren bidez Euskadiren garapen ekonomiko eta sozialarekin konprometituak.
Batzar Nagusiak Innobasqueren 2026-2030 Plan Estrategiko berria aho batez onartzeko balio izan du; ibilbide-orri horrek euskal berrikuntzaren lehentasunak zehaztuko ditu datozen urteetan, eta haren eraikuntzan sektore ekonomiko guztietako erreferentziazko eragileek parte hartu dute.
Basquetour topaketa horretan izateak agerian uzten du euskal turismo-sektoreak berrikuntzaren alde egiten duen etengabeko apustua; izan ere, berrikuntza funtsezko tresna da lehiakortasuna hobetzeko, jasangarritasuna bultzatzeko eta bidaiarien eskaera berrietara egokitutako gero eta esperientzia aurreratuagoak eskaintzeko.
Hamarkada eta erdi baino gehiago da Basquetour Euskadiko berrikuntza-ekosistemako kide aktiboa dela. Metodologia, teknologia eta kudeaketa-eredu berriak txertatuz, Euskadi turismo-helmuga jasangarri, adimendun eta kalitatezko gisa Europako erreferenteen artean kokatzen lagundu du.
Innobasqueren Batzarrean parte hartzeak, gainera, Euskadiren eraldaketa ekonomiko eta soziala gidatzen duten enpresa, zentro teknologiko, unibertsitate eta erakundeekin ezagutza partekatzeko eta sinergiak sortzeko aukera ematen du.
Digitalizazioak, trantsizio jasangarriak eta kontsumo-ohituren aldaketek markatutako testuinguru honetan, Basquetourrek lanean dihardu euskal turismoa berrikuntzaren abangoardian kokatzeko; horrela, sektore lehiakorragoa, erresilienteagoa eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko prestatuagoa garatzen laguntzen du.
Innobasquerekin 2008an hasitako elkarlanak argi islatzen du Turismoko Euskal Agentziak epe luzeko ikuspegi estrategikoarekin duen konpromisoa. Ikuspegi horren baitan, berrikuntza funtsezko zutabea da Euskadi turismo-helmuga gisa hazi eta nazioartean proiektatzeko.