Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Basquetourrek eta Espainiako Trenbideen Fundazioak Euskadiko Bide Berdeak sustatzeko lankidetza berritu dute
21.08.2026
Basquetourrek eta Espainiako Trenbideen Fundazioak Euskadiko Bide Berdeak sustatzeko lankidetza berritu dute

2015az geroztik indarrean dagoen hitzarmenari esker, Euskadiko Bide Berdeen sarearen sustapen-, marketin- eta zabalkunde-ekintzek jarraipena izango dute. 

Basquetour Turismoaren Euskal Agentziak eta Espainiako Trenbideen Fundazioak beste urtebetez berritu dute elkarlan-hitzarmena, Euskadiko Bide Berdeen sustapenean eta posizionamenduan elkarrekin lanean jarraitzeko.

Bi erakundeen arteko lankidetza etenik gabe mantendu da 2015etik, eta aukera eman du trenbide zaharren trazadurak berreskuratzen dituzten ibilbide horien sustapenerako estrategia bateratua finkatzeko. Gaur egun, bide horiek turismo-, kirol- eta aisialdi-erabileretarako egokituta daude.

Hitzarmenean aurreikusitako egitasmoen artean daude, esaterako, estatu eta Europa mailako proiektuetarako aukera eta hautagaitza bateratuak identifikatzea, eta Euskadiko Bide Berdeen inguruko edukiak fundazioaren webgunean etengabe eguneratzea. Era berean, sare sozialetako kanpainak, komunikazio-ekintzak, hedabide espezializatuetan zabalkundea, eta jardunaldi eta topaketetan parte-hartzea gauzatuko dira.

Lankidetzak, halaber, sustapen turistikoko jarduerak eta aurkezpen bateratuak jasotzen ditu, baita Euskadiko Bide Berdeek Espainiako Trenbideen Fundazioak parte hartzen duen azoka eta ekitaldietan presentzia izatea ere. Bestalde, erakundearen sare sozialetako profilek, 83.000 jarraitzaile baino gehiagoko komunitatea dutenez, zabalkunderako kanal estrategiko eta eraginkorra osatzen dute.

Euskadik hamar bide berde baino gehiago ditu gaur egun, eta guztira 150 kilometrotik gorako ibilbide-sarea osatzen dute. Mugakide diren erkidegoekin partekatutako tarteak ere kontuan hartuz gero, sare horren luzera 300 kilometro ingurura iristen da. Euskadik bide berdeen sare trinkoenetako bat dauka; horrek agerian uzten du industria-ondarearen berreskurapenaren, mugikortasun jasangarriaren eta zikloturismoaren alde egin duen apustu estrategikoa.

Hitzarmenaren berritzeak Euskadiko Bide Berdeen ikusgarritasuna indartzen jarraitzea ahalbidetuko du, bai eta natura-, ondare- eta mugikortasun aktiboarekin lotutako turismo-eskaintza sustatzen aurrera egitea ere. 

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt