Gaur Bilbon egindako lan-jardunaldian, Austriako agentziak eta euskal enpresa turistikoak elkartu dira negozio-aukera berriak sortzeko.
Basquetour-Turismoaren Euskal Agentziak ezagutza-bidaia bat (FAM Trip) antolatu berri du Austriako bidaia-agentzien ordezkaritza batentzat, Vienako Espainiako Turismo Bulegoarekin (OET Viena) eta Austrian Airlines konpainiarekin lankidetzan. Ekimen hori joan den martxoaren 25ean lehen aldiz abiatu zen Viena-Bilbo zuzeneko hegaldi berriaren harira burutzen ari da.
Martxoaren 25etik 29ra bitartean, Austriako hamar agentziak eta Austrian Airlineseko ordezkari batek osatutako taldeak Euskadi zeharkatuko du, euskal baliabide turistiko, kultural eta gastronomiko nagusiak bertatik bertara ezagutzeko. Bidaiari esker, helmugaren sustapena indartu ahal izango da Austriako merkatuan, eta lankidetza-aukera berriak irekiko dira kultura, natura eta gastronomiarekiko bereziki sentikorra den herrialde horrekin.
Programan zehar, parte-hartzaileek Euskadiko gune turistiko nagusiak bisitatuko dituzte: hiru hiriburuak (Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz), euskal kostaldea —Getariako Balenciaga museoan geldialdia eginez—, esperientzia enologikoak Arabako Errioxan, eta Añanako Gatz Harana, besteak beste.
Bidaiaren une nabarmenetako bat gaur, osteguna, martxoaren 26an, Bilboko Yimby gunean egin den lan-jardunaldi profesionala (workshop) izan da; bertan, Austriako agentziak eta euskal enpresa turistikoak elkartu dira. Jardunaldian, Daniel Solana Basquetourreko zuzendari nagusiak ongietorria egin die bertaratutakoei, Austrian Airlinesek bere nobedadeak aurkeztu ditu, eta aukera komertzial berriak sortzera bideratutako B2B bilera-sistema bat ere izan da.
Fam Trip honen bidez, Basquetourrek nazioarteko merkatuak indartzeko estrategian aurrera egiten jarraitzen du, Euskadiren posizionamendua finkatuz helmuga jasangarri, anitz eta kalitatezko gisa.