Topaketak helmugen lehiakortasuna eta jasangarritasuna sustatzen ari diren datuetan oinarritutako kudeaketa-tresna eta -eredu berrietan sakontzeko aukera eman zuen.
Basquetour Segitturrek antolatutako "Turismoaren Eraldaketa Digitala" jardunaldian izan zen. Topaketa horretan, turismo-sektorearen etorkizuna zedarrituko duten datuetan eta teknologian oinarritutako kudeaketa-eredu berriak aztertu zituzten.
Saioan zehar, Segitturrek Helmuga Adimendunen Plataformaren (PID, gaztelaniazko siglengatik) funtzionalitate nagusiak aurkeztu zituen. Azpiegitura publiko hori sistemak bateratzeko, elkarreragingarritasuna hobetzeko eta helmuga turistikoetan erabakiak hartzea errazteko diseinatuta dago.
Euskadin, bultzada horrek Europako funtsetatik datozen 2,7 milioi eurotik gorako zuzkidura du.
Toki-administrazioetako eta enpresetako ordezkariek azaldu zuten tresna horiek plangintza, jasangarritasuna eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen dutela, bereziki, gero eta digitalizatuagoa den ingurune batera egokitu nahi duten ETEen kasuan.
Basquetour jardunaldi honetan egotea estatu-mailan turismoa eraldatzen ari diren ekimenekin eta joerekin bat egiteko erakundeak duen konpromisoari erantzuten dio. Horrela, euskal turismo-sektoreari bere trantsizio digitalean lagun egiteko lana indartzen du.