Proposamen berriak ondare historikoari eta lurraldeari balioa ematen die, zikloturismoari lotutako turismo-esperientzia baten bidez.
Basquetourrek “1813, Gasteizko Gudua bizikletaz” zikloturismo-ibilbide berria aurkeztu berri die erakundeetako ordezkariei, turismo-arloko entitateei eta sektoreko eragileei, horiei berariaz zuzendutako bisita-jardunaldi batean. Ekimenak proposamen berri hau bertatik bertara ezagutzera emateko aukera eskaini zuen, hasierako aurkezpen baten eta ibilbidea osatzen duten guneetako batzuetan barna egindako ibilaldiaren bitartez.
Jardunaldia proiektuaren aurkezpenarekin hasi zen, eta, ondoren, ibilbidean txertatutako gune esanguratsu batzuetara egindako bisitarekin jarraitu zuen. Zehazki, ibilaldia Arabako Arma Museoan, Jundizko muinoan eta Trasponteko zubian gauzatu zen; izan ere, hiru gune horiek 1813ko Gasteizko guduaren kontakizun historikoari hertsiki lotuta daude, eta turismo-proposamen berri honen ardatz dira.
Bisitari esker, ibilbidea osatzen duten elementu nagusiak modu praktikoan erakutsi ziren, eta agerian geratu zen produktu turistiko gisa duen potentziala; izan ere, historia, ondarea eta turismo aktiboa ezin hobeto uztartzen ditu, Gasteizko eta inguruetako historiako pasarte esanguratsuenetako baten inguruan.
Ekintza honen bidez, Basquetourrek Euskadiko turismo-eskaintza dibertsifikatzen eta lurraldeari balioa ematen laguntzen duen proposamena bultzatzen jarraitzen du, betiere ondareari, kulturari eta turismo aktiboari lotutako esperientziak baliatuz.