Euskadik, Galiziak, Asturiasek eta Kantabriak partekatzen duten ekoturismo-proposamena eragileen, erakunde kontserbazionisten eta publiko espezializatuaren aurrean aurkeztu dute.
Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserbak Global Birdfair azokan parte hartu du 2026ko uztailaren 10etik 12ra, Rutlanden (Erresuma Batua). Turismo ornitologikoan eta natura-turismoan espezializatutako azoka horrek hegaztiak behatzeko turismo-programak dituzten enpresa hartzaileak, parke nazionalak, biosfera-erreserbak eta ingurune naturalei lotutako ostatuak bildu ditu.
Edizio honetan, nazioarteko 300 erakusketari baino gehiagok parte hartu dute azokan; besteak beste, nazioko turismo-bulegoak, hainbat kontinentetako eragile espezializatuak eta BirdLiferi lotutako erakunde kontserbazionistak.
Espainia Berdeko Ekoturismo Erreserba Euskadik, Galiziak, Asturiasek eta Kantabriak partekatzen duten ekimena da, penintsularen iparraldeko naturagune babestuei lotutako proposamen bateratu baten bidez ekoturismoa eta kontserbazioa bultzatzeko.
Erakusketa-guneaz gain, azokak hitzaldi- eta tailer-programa bat izan du. Bertan, proiektua osatzen duten lau autonomia-erkidegoetako naturaguneei lotutako hegazti-espezieak eta bidaia-proposamenak aurkeztu dira.
Parte-hartzeak behin-behineko balantze positiboa utzi du. Standak kontsulta ugari jaso ditu, eta aurkezpenak interes nabarmena piztu du bertaratutako publikoaren artean.
Azoka honetan parte hartzeak, halaber, turismo-produktua garatzen jarraitzeko bidea emango duten ideia berriak identifikatzeko balio izan du. Era horretan, ingurune espezializatu batean ekimenaren ikusgarritasuna indartu da, proposamena definitzen duten jasangarritasun-, natura- eta kontserbazio-balioekin bat eginez.