Euskal helmugak beste urte batez hartuko du parte Berlingo ITB azokan, bere erakustokiarekin eta Daniel Solana Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria buru duen bost enpresako ordezkaritza batekin.
Euskadi Basque Countryk beste behin ere parte hartzen ari da ITB Berlinen, munduko turismo-azoka garrantzitsuenean, Alemaniako merkatuan duen kokapena finkatzeko eta operadore zein agente espezializatuekin merkataritza-harremanak sendotzeko helburuarekin.
Gure helmugak mahai propioa eta hiru lan-mahai ditu Turespañaren standaren barruan, Berlingo Espainiako Turismo Bulegoarekin (OET) elkarlanean; bertatik, bilera profesionalen agenda sendoa garatzen ari da, euskal turismo-eskaintzaren sustapena eta merkaturatzea ardatz hartuta. Euskal ordezkaritza bost enpresak osatzen dute —lau DMC eta hotel-kate bat—, negozio-aukera berriak sortzeko eta aliantza estrategikoak indartzeko asmoz.
Euskal ordezkaritzaren buru Daniel Solana Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendaria dago, eta gure helmuga ordezkatuko du ekitaldi-egitarau oparo batean. Hitzordu nabarmenen artean daude: Euskadi helmugaren aurkezpena LGTBIQ+ kolektiboarentzat; Beyond Pride: Designing Tourism for the Full Spectrum of LGBTQ+ Travellers mahai-inguruan parte hartzea; eta Berlingo Waldorf Astoria hotelean ospatuko den ITB Diversity Gala Reception ekitaldira bertaratzea. Azken horretan, Euskadik aitortza berezia jasoko du nazioarteko erreferentziazko topaketa honen esparruan.
Alemania, distantzia ertaineko nazioarteko hirugarren merkatua
Alemaniako merkatua hirugarren postuan dago Euskadi Basque Countryrako distantzia ertaineko nazioarteko merkatuen artean, bisitari guztien % 3,8ko kuotarekin. 2025ean, ostatu-gauek 340.000ko muga erdietsi zuten (aurreko urtean 308.000 izan ziren), eta batez besteko egonaldia pixkanaka haziz doala ikus daiteke; horrek alemaniarrek Euskadi sakonago ezagutzeko interes handiagoa dutela islatzen du.
Aire-bilaketen analisiak, gainera, Düsseldorf, Frankfurt, Berlin eta Munich bezalako hirietatik datorren interesaren hazkundea berresten du; Bilbo, Donostia eta Vitoria-Gasteiz dira Euskadi barruan aukeratutako helmuga nagusiak.
Alemaniako merkatuak potentzial handia du turismoaren desestazionalizazioari laguntzeko: alemaniarren sarreren % 19,41 denboraldi altutik kanpo gertatzen da, eta horrek erakusten du hazkunde-marjina dagoela eskari txikiagoko hilabeteetan.
Euskadi, proposamen ezberdina
ITB Berlinen egoteak, halaber, Alemaniako merkatuari esperientzia autentikoetan, jasangarritasunean, nazioarteko ospeko gastronomian, naturan, kulturan eta hiri-turismoan oinarritutako turismo-eskaintza aurkeztea ahalbidetzen du, bidaiari alemaniarrak elementu horiek oso estimatzen baititu.
Parte-hartze honen bidez, Euskadik Alemaniako merkatuarekiko konpromisoa berresten du, eta nazioarteko eskaria dibertsifikatzeko, kalitatezko turismoa sustatzeko eta euskal turismo-enpresentzat balioa sortzeko lanean jarraitzen du.