Basquetour
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Euskadi Basque Country, CEAV Protour 2026ren amaierako anfitrioi nagusia Bilbon
30.10.2026
Euskadi Basque Country, CEAV Protour 2026ren amaierako anfitrioi nagusia Bilbon

Jardunaldiak bidaia-agentziak eta turismo-enpresak bildu zituen, helmugari buruzko ezagutza handitzeko eta haren merkaturatzea indartzeko

Euskadi Basque Countryk CEAV Protour 2026 programaren azken jardunaldia hartu zuen atzo Bilbon. CEAV Espainiako Bidaia Agentzien Konfederazioak antolatutako topaketa profesionalen programa da CEAV Protour.

Hitzordu horrekin amaitu zen aurtengo edizioaren ibilbidea. Bilbora iritsi aurretik, Zaragoza, Granada, Cadiz, Valentzia, Murtzia, A Coruña, Leon, Kanaria Handia eta Tenerifetik igaro zen ekimena.

Euskadi Basque Countryk, Basquetour Turismoaren Euskal Agentziaren bidez parte hartu zuen ekimenean, helmugaren eta bidaia-agentzien arteko harremana sendotzeko asmoz. Profesional horiek zeregin garrantzitsua betetzen dute turismo-esperientziak gomendatzeko, haiei buruzko aholkularitza emateko eta merkaturatzeko orduan.

Euskadik, helmuga anfitrioi gisa, gerturatu ziren erakusketariei zuzendutako programa prestatu zuen, Bilbo eta hiriko baliabide nagusietako batzuk zuzenean ezagutzeko aukera izan zezaten, bereziki hiriari, kulturari eta gastronomiari lotutakoak.

Jardunaldia hiriko hainbat gunetan barrena egindako bisita gidatu batekin hasi zen, eta itsasadarrean ontzi elektriko batean egindako ibilaldiarekin jarraitu zuen. Programaren barruan, bazkari profesional bat ere egin zen Guggenheim Bilbao Museoaren inguruan. Bazkaria parte-hartzaileen arteko hartu-emana sustatzeko eta helmugako baliabide eta proposamenetako batzuk ezagutarazteko aukera gisa antolatu zen.

Bidaia-agentziekin egindako topaketa profesionala

Arratsaldean, bidaia-agentziekin eta turismo-sektoreko enpresekin topaketa profesionala egin zen The Artist Bilbao hotelean.

Euskadi Basque Countryk informazio-gune bat jarri zuen, bertaratutako profesionalei helmuga ezagutzeko hainbat proposamen aurkezteko, besteak beste, Euskadi Basque Country Grand Tour egitasmoak biltzen dituen turismo-ibilbideak esaterako.

Jardunaldiaren amaieran, Basquetourreko zuzendari nagusi Daniel Solanak itxiera-hitzaldia egin zuen, parte-hartzaileei eskerrak emateko eta CEAV Protourren 2026ko edizioari amaiera emateko.

Basquetourrek 2022tik parte hartzen du CEAV Protourren, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta Espainiako Bidaia Agentzien Konfederazioak sustatutako lankidetzaren esparruan.

CEAV Protour 2026 Bilbon amaitzeak jarraipena ematen dio Euskadiren eta turismo-bitartekaritzaren arteko lankidetzari. Lankidetza horren helburua da harreman profesionalak sendotzea eta Euskadiko turismo-eskaintzari buruzko ezagutza handitzea.

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt