Luxuzko turismoaren topaketa profesional nagusietako batean parte hartzeak nazioarteko merkatu garrantzitsuenetako profesionalekin elkartzeko bidea ireki du.
Euskadi Basque Country Confidentialek abuztuaren 9tik 15era bitartean parte hartu du Las Vegasen egin den Virtuoso Travel Week ekitaldian; hots, nazioartean luxuzko turismoan eragin handiena duen hitzordu profesionaletako batean.
Virtuoso sareak antolaturik, topaketak sektoreko milaka profesional biltzen ditu urtero; horien artean, goi-mailan espezializatutako bidaia-profesionalak, agentziak, hotelak, helmugak eta mundu osoko turismo-hornitzaileak. Testuinguru horretan, Euskadi Basque Country Confidentialek bilera-agenda bat garatu du, helmugak premium segmentuan duen posizionamendua indartzeko eta nazioarteko luxuzko turismoaren preskriptore nagusietako batzuekin harremanak finkatzeko.
Ekitaldiaren muina lau eguneko workshop profesionala izan da, eta bertan, parte-hartzaileek banakako topaketak izan dituzte merkatu estrategikoetako turismo-erosle eta aholkulariekin. Formatu horrek preskripzio- eta erabaki-ahalmena duten profesionalekiko zuzeneko kontaktua errazten du, eta, hala, balio erantsi handiko helmuga eta esperientzien nazioarteko merkaturatzea bultzatzeko interes bereziko plataforma bihurtu da.
Virtuoso Travel Weeken parte hartzeak Euskadi Basque Country Confidentialen eskaintza ezagutzera emateko bidea ireki du, bezeroentzat esperientzia bereiziak, esklusiboak eta benetakoak bilatzen dituen profesionalen sare baten aurrean; horrez gain, helmugaren presentzia indartzen jarraitzea ahalbidetu du, mundu mailako luxuzko turismoaren banaketa-kanal garrantzitsuenetako batean.
Virtuosok 50 herrialde baino gehiagotan espezializatutako 1.200 agentzia ingurutako 20.000 bidaia-aholkulari baino gehiago biltzen ditu; horrek sare hau funtsezko eragile bihurtzen du erosahalmen handia duten eta helmugan gastu handia egiten duten bidaiariak erakarri nahi dituzten helmugetarako.
Parte-hartze horri esker, Euskadi Basque Country Confidentialek aurrera jarraitzen du premium segmentuko nazioarteko sustapen-estrategian; izan ere, estrategia hori bereizketan, esperientziaren kalitatean eta berezko nortasuna duen eskaintza turistikoaren proiekzioan oinarritzen da.
