Hitzordua urtero egiten da Danimarkako hiriburuan, eta herrialde horretako txirrindularitza-sektorearen erakusleiho nagusi gisa finkatu.
Basquetourrek, Turismoaren Euskal Agentziak, lehen aldiz parte hartu du 2026ko Copenhagen Bike Show azokan, Ipar Europako txirrindularitza-azoka nagusian, Euskadi Basque Country eskandinaviar zikloturisten artean kokatzeko helburuarekin.
Ekitaldia martxoaren 7an eta 8an egin da Kopenhageko The Train Workshop (Lokomotivværkstedet) gune historikoan, eta sektoreko 120 marka eta enpresa baino gehiago bildu ditu. Basquetour Turespañaren erakusmahaian izan zen, eta bertan Euskadi Basque Countryren zikloturismo-eskaintzaren berri eman zuen. Bereziki, errepideko txirrindularitza eta gravela nabarmendu zituen, eskandinaviar zaleen artean oso errotuta dauden modalitateak baitira.
Bi egun horietan zehar, Euskadi Bizikletaz gida eta Euskadi Cycling liburuxka banatu dira; material horiek ibilbideei eta gure lurraldeko esperientziei buruzko informazio praktikoa ematen diete bisitariei.
Euskal zikloturismorako potentzial handiko merkatua
Lehen parte-hartze honen balantzea positiboa da. Interesa agertu duten bisitari gehienak 50 urtetik gorakoak izan dira; erosteko ahalmen handia dute eta bidaia aktiboak egiteko gogo argia erakutsi dute, batez ere kirola, paisaia eta kultur esperientziak uztartzen dituzten helmugen bila dabiltzalako. Euskadi Basque Country helmuga ezin hobeto egokitzen da profil horren eskakizunetara eta potentzial argia du bertan.
Daniarrek euskal helmugari buruz duten ezagutza oraindik ere mugatua bada ere, lehen parte-hartze honek aukera berriak ireki ditu Euskadi Basque Country Ipar Europako merkatu horretan kokatzeko, txirrindularitzarekiko zaletasuna eta erosteko ahalmen handia baitu.
Copenhagen Bike Show urtero egiten da Danimarkako hiriburuan, eta herrialde horretako txirrindularitza-sektorearen erakusleiho nagusi gisa finkatu da bizikletak, ekipamendua, turismo ziklista eta bi gurpilen gaineko mugikortasuna barne hartuta.