Bigarren edizioa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 12 erakunde berri proiektura batuta amaitu da; horiek udan ziurtatutako beste 11 erakundeei gehitu zaizkie.
Euskadik urrats sendoak egiten jarraitzen du bere turismo-sarea kudeaketa-eredu adimendunago, berritzaileago eta jasangarriago baterantz eraldatzeko. Dagoeneko amaitu da Basquetourrek Euskadin sustatutako UNE 178510:2023 Turismo Enpresa Adimenduna (TEA) araua ezartzeko proiektuaren bigarren edizioa. Honako honetan, 12 turismo-erakunde berri batu dira; horiek udan ziurtatutako beste 11 erakundeei gehitu zaizkie.
Erakunde berriak gehituta, guztira Euskadiko 23 turismo-erakundek parte hartu dute proiektuaren bigarren edizio honetan. Ekimenaren helburua da Turismo Enpresa Adimendunaren ereduaren printzipioak tipologia eta jarduera-esparru desberdinetako erakundeen eguneroko kudeaketan txertatzea.
Parte hartu duten 12 erakunde berriek askotariko turismo-baliabideak eta -zerbitzuak ordezkatzen dituzte, eta hiru lurralde historikoetan daude kokatuta:
Araba
Bizkaia
Gipuzkoa
Aurrera egiteko eta hobetzeko kudeaketa-eredua
UNE 178510:2023 arauak erreferentzia-esparru bat eskaintzen du turismo-erakundeek kudeaketa-eredu aurreratuago baterantz egin dezaten. Horretarako, funtsezko bost jardun-arlo zehazten ditu: gobernantza, berrikuntza, teknologia, irisgarritasuna eta jasangarritasuna.
Araua ezartzeak aukera ematen die erakundeei beren prozesuak aztertzeko; hobetzeko aukerak identifikatzeko eta eraginkortasuna, zerbitzuen kalitatea eta bisitarien esperientzia hobetzen lagunduko duten tresna eta jardunbide berriak abian jartzeko.
Basquetourrek prozesu osoan laguntzen die erakunde parte-hartzaileei, arauaren eskakizunak erakunde bakoitzaren errealitatera eta ezaugarrietara egokitzen lagunduz.
Euskal turismoaren etorkizunarekiko konpromiso partekatua
Bigarren edizio honetan 23 erakundek parte hartu izanak jarraipena ematen dio proiektuaren lehen edizioan hasitako lanari, eta indartu egiten du Euskadik Turismo Enpresa Adimendunaren eredua profil eta lurralde desberdinetako turismo-enpresen eta -erakundeen artean hedatzeko egindako apustua.
Ekimen hau Basquetourrek sektorearen lehiakortasuna hobetzeko eta turismo-ekosistema konektatuago, berritzaileago eta jasangarriago baterantz aurrera egiteko duen estrategiaren barruan kokatzen da, Turismo Helmuga Adimendunen (THA) ereduarekin bat etorriz.
Erakunde parte-hartzaileen konpromisoak erakusten du turismoa eraldatzeko elkarlana eta etengabeko ahalegina behar direla. Bide horretan aurrera egiten duen erakunde bakoitzak sektorea prestatzen eta hobetzen laguntzen du, etorkizuneko erronkei aurre egin eta kalitatezko turismo-esperientziak eskaini ahal izateko.