Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Euskadik Brasilgo merkatuan duen presentzia bultza du São Pauloko ILTM azokan
07.05.2026
Euskadik Brasilgo merkatuan duen presentzia bultza du São Pauloko ILTM azokan

Ekimen hau ekintza komertzialak eta preskripzio-ekintzak uztartzen dituen Brasilgo sustapen-estrategia baten baitan kokatuta dago; ildo horretan, Basquetourrek prentsa-bidaia bat antolatu berri du kazetari brasildarrekin, Euskadi helmuga premium gisa e

Euskadik ILTM Latin America  Inazioarteko azokan parte hartu du aste honetan. Azoka hori São Paulon egin da, eta Latinoamerikako merkatuan luxuzko turismoak duen topaketa nagusietako bat da. Helburua Brasilgo merkatuan presentzia finkatzea eta premium helmuga gisa duen proiekzioan aurrera egitea da.

Azokan bertan, Euskadi Basque Country Confidentialek bere eskaintza bereizgarria ezagutarazi du, berezko nortasunean, milaka urteko kulturan eta nazioartean erreferentzia den proposamen gastronomikoan oinarritua. Gure helmugak natura, hiriak eta esperientzia bereziak uztartzen ditu, eta Brasilgo premium bidaiariarentzat aukera bereziki erakargarri gisa kokatzen da.

São Pauloko ILTM azokaren edizio honetan, gainera, luxuzko ostatuen bi erreferente nagusik hartu dute parte Euskadirekin batera: Maria Cristina Hotela (Donostia) eta Marqués de Riscal Hotela (Arabako Errioxa). Biak ere esklusibotasunagatik, zerbitzuaren kalitateagatik eta berezitasunagatik dira ezagunak.

São Pauloko ILTM azokan egoteak eragile espezializatuekin harremanak ezartzeko, merkataritza-loturak indartzeko eta hazten ari den merkatu estrategiko batean Euskadiko premium turismo-eskaintza ezagutarazteko aukera eman du.

Potentzial handia duten irismen luzeko merkatuetan arreta jartzen duen nazioartekotze-estrategia baten barruan kokatzen da Euskadiren parte-hartzea. Brasilek, gaur egun Euskadira datozen bisitari guztien % 0,40 baino ez badakar ere, desestazionalizazioari egiten dion ekarpenagatik nabarmentzen da; izan ere, iritsieren % 34,45 goi-denboralditik kanpo gertatzen dira, adierazle horrentzat ezarritako helburuak gaindituta.

Brasilgo merkatuak, gainera, bilakaera positiboa du portaera turistikoari dagokionez: 2025ean Espainian egindako batez besteko egonaldia 7,7 egunekoa izan da, eta esperientzia esklusibo, kultural eta gastronomikoekiko interes gero eta handiagoa du, Euskadiren balio-proposamenarekin bat etorriz.

Euskadi Basque Country Confidential Klubak goi-mailako segmentuko enpresen (ostatuak, jatetxeak, esperientziak eta zerbitzuak) aukeraketa zaindu baten bidez egituratzen du proposamen hori, enpresa horiek exijentzia handiko auditoretza-prozesu bat gainditu behar izan baitute. Klubaren helburua bikaintasunezko eskaintza bermatzea da, bidaiari zorrotzenaren itxaropenetara egokitua.

Ekintza hori Basquetourrek Brasilgo merkaturako duela gutxi garatutako beste ekimen batzuei gehitzen zaie; hala nola, apirilaren 27tik maiatzaren 2ra bitartean turismoan, gastronomian eta lifestyle arloan espezializatutako Brasilgo kazetarientzat antolatutako prentsa-bidaia. Ekintza horrek Euskadi erreferentziazko helmuga turistiko gisa ezagutarazteko aukera eman zuen, kultura, paisaia, gastronomia eta esperientzia berezien bidez, eta, horrela, merkatuko preskriptore nagusien artean duen ikusgarritasuna indartu zuen.

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt