Hasiera
|
Prentsa-aretoa
|
Gaurkotasuna
|
Albisteak
|
Euskadik golfeko turismo-eskaintza sustatzen ari da IAGTOren IEC Europako konbentzioan
20.05.2026
Euskadik golfeko turismo-eskaintza sustatzen ari da IAGTOren IEC Europako konbentzioan

Helmugak nazioarteko operadoreekin 40 bilera egin ditu bere kokapena sendotzeko eta balio handiko turismoa erakartzeko helburuarekin.

Egunotan, Euskadi Basque Country golfeko turismo-eskaintza sustatzen ari da IEC – IAGTO European Convention azokan; segmentu horretan espezializatutako Europako merkaturatze-ekitaldi nagusia da, eta Malagan burutzen ari da maiatzaren 18tik 20ra.

International Association for Golf Tour Operators (IAGTO) elkarteak antolatuta, konbentzioak nazioarteko 800 ordezkari inguru bildu ditu aurtengo edizioan, eta Europako golf-turismoko merkataritza-ekitaldirik eskuragarri eta emankorrena gisa sendotu da.

IEC – IAGTO European Convention azoka IAGTOko kide egiaztatuentzat soilik dago zabalik; horien artean daude Europa, Amerika, Afrika eta Golkoko Estatuetatik etorritako golfeko bidaia-antolatzaileak, hornitzaile espezializatuak, golf-helmugak eta komunikazio-zerbitzuetako enpresak.

Bi lan egun horietan, Euskadi Basque Countryk iraupen laburreko 40 bilera presentzial (speed meetings) adostu ditu helmugaren golf-eskaintza zehatz-mehatz ezagutzeko interesa duten golfeko bidaia-antolatzaileekin.

Euskadi Basque Country nazioarteko foro horretan egotea aukera estrategikoa da helmugaren ikusgaitasuna indartzeko. Izan ere, helburua da udako denboralditik kanpo bidaiatzen duten eta erosteko ahalmen nahiz kultura-maila ertain-altua duten nazioarteko turistengana iristea. Era horretan, turismoaren desestazionalizazioa eta dibertsifikazioa bultzatzen dira.

Golf-turismoari buruz argitaratutako azken azterlanaren arabera, golf-turistek Euskadin egiten duten gastu osoa 27 milioi eurokoa da. Guztira, 6.334 turistak bisitatu zuten Euskadi golfa motibazio nagusitzat hartuta; horrek esan nahi du turista bakoitzak, batez beste, 4.262,70 euroko gastua egiten duela helmugan. Datu horiek agerian uzten dute golf-turismoaren balio erantsi handia, eta indartu egiten dute Euskadi Basque Countryk segmentu horren alde egindako apustua; izan ere, funtsezko tresna da nazioartean posizionatzeko, merkatuak dibertsifikatzeko eta turismo-ereduaren jasangarritasuna bultzatzeko.

Golf Turismoaren Euskal Sarea

Golf Turismoaren Euskal Sarea sektoreko hamasei eragilek osatzen duten lantaldea da. Zehazki, honako kide hauek biltzen ditu: hamabi golf-zelai; hiru DMC (Destination Management Company) edo turismo-agentzia hartzaile; pitch & putt zelai bat duen hotel bat; Euskadiko Golf Federazioa; eta Basquetour, Turismoaren Euskal Agentzia.

Urteko ekintza-plan operatibo baten bidez, lantalde horrek honako helburu nagusi hauek ditu:

  • Euskadiko golfeko azpiegitura turistikoa garatzea.
  • Helmuga nitxo turistiko estrategiko batean posizionatzea.
  • Euskadi Basque Countryren turismo-eskaintza dibertsifikatzea.

 

Laguntzarik behar duzu?
Jar zaitez harremanetan gure lantaldearekin
© 2026 BASQUETOUR Todos los derechos reservados
Alameda Urquijo 36, 5ª Planta. 48011 Bilbao
Aviso legal Pribatutasun politika Política de cookies Configurar cookies
 alt
 alt