Daniel Solanak Euskadi Basque Country Confidential marka aurkeztu du aste honetan Txileko Santiagon eta Buenos Airesen, helmugaren nazioarteko posizionamendua indartzeko eta tokiko turismo-sektorearekiko harremanak estutzeko helburuarekin.
Euskadik nazioartean sustatzeko estrategian aurrera egiten jarraitzen du, Txileko Santiagon (Txile) eta Buenos Airesen (Argentina) antolatutako bi jardunaldi profesionalen bidez; bi merkatuetako bidaia-agenteei, turoperadoreei eta eragile turistikoei zuzenduta egon dira ekitaldiok. Daniel Solana Basquetour Turismoaren Euskal Agentziako zuzendari nagusiak gidatu du misio komertzial eta promozionala, eta Euskadiren premium eskaintza aurkeztu du Euskadi Basque Country Confidential zigilupean.
Jardunaldiak apirilaren 21ean (asteartea) egin ziren Txileko Santiagon, eta apirilaren 23an (osteguna) Buenos Airesen; azken hori, gainera, Argentinako hiriburuko Espainiako Turismo Bulegoarekin (OET) elkarlanean antolatu zen. Bi topaketa horiek Euskadik kalitatezko helmuga turistiko gisa duen ikusgarritasuna indartzeko, sektore profesionalarekin harreman komertzialak estutzeko eta Txile zein Argentina bezalako distantzia luzeko merkatu estrategikoetan presentzia finkatzeko baliagarriak izan dira.
Argentina, merkatu finkatua eta hazten ari dena
Argentina Euskadirentzat distantzia luzeko merkatu garrantzitsu gisa errotu da; izan ere, iritsitako turisten kopuruak bilakaera positiboa izan du eta azken urteotan, bereziki 2023. eta 2024. urteen artean, etengabe hazi da. Fluxu turistikoak, batez ere, maiatzean, irailean eta urrian biltzen dira, eta horrek eskariaren denbora-dibertsifikazio handiagoa izaten laguntzen du.
Estatu osorako dauden datuek osasun-krisiaren ostean turismo-joeraren susperraldia erakusten dute: 2024an batez besteko egonaldiak maximo historikoa lortu zuen, 10,4 egunekin, eta eguneroko batez besteko gastuak gora egin du aurreko urteko beherakada arinaren ondoren. Horrez gain, Argentinak desestazionalizazioari egiten dion ekarpena nabarmentzekoa da, bisiten % 22 baino gehiago behe-denboraldian egiten baitira. Bestalde, gaur egun, distantzia luzeko bigarren merkatu igorle garrantzitsuena da Argentina; gurera gerturatzen diren bisitari guztien % 0,72 bereganatzen du.
Txile, potentzial handiko merkatua
Txileko merkatuak susperraldi sendoa izan du pandemiaren ondotik; aurreko mailak gainditu ditu Estatu osorako helmuga-iritsieretan; bestalde, gaur-gaurkoz, autonomia-erkidegoen zerrendari begiratuz gero, Euskadi dagoeneko bosgarren postuan dago Txiletik Estatura bidaitzen diren bisitarien lehentasunen artean. Bisitariaren profilari dagokionez, batez besteko egonaldia 8 egun ingurukoa da, eta gastua egonkor mantentzen da.
Madrilen eta Katalunian izaten den bisitari-pilaketa handiak aukera berriak zabaltzen dizkio Euskadiri helmuga osagarri gisa. Hegazkin-konektibitateari dagokionez, Txileko Santiagok biltzen du Euskadira etortzeko hegaldien bilaketa-bolumen handiena, interes berezia agertuz urtarrilean, uztailean, abuztuan eta abenduan.
Latinoamerikaren aldeko apustu estrategikoa
Jardunaldi horiek Basquetourren nazioartekotze-estrategiaren barruan kokatu dira. Estrategia horren helburua da balio erantsi handiko urrutiko merkatuetako bisitariak erakartzea, eskari turistikoa dibertsifikatzea eta eredu turistiko jasangarri zein desestazionalizatu baterantz aurrera egitea.
Misio honen bidez, Euskadik nazioarteko sustapenarekin, erakundeen arteko lankidetzarekin eta sektore profesionalarekin batera lan egiteko konpromisoa indartu du, Latinoamerikako merkatuetan helmuga benetakoa, anitza eta kalitate handikoa den irudia sendotuz.