Egitasmoak Euskadirekiko interesa agertu duten 20 agente baino gehiago bildu ditu; horrez gain, egiaztatu da helmugari buruzko aldez aurretiko ezagutza ona badutela, bai eta esperientzia pertsonaletan oinarritutako pertzepzio oso positiboa ere.
Euskadi Basque Countryk merkatu britainiarreko sustapena indartu du Manchesterren gauzatutako topaketa profesional batean parte hartuz. Bertan, bere eskaintza turistikoa aurkeztu die bidaia-agenteei, eta lankidetzarako nahiz nazioarteko posizionamendurako aukera berriak sortu ditu.
Ekainaren 15 honetan, Euskadik Manchesterreko Treehouse Hotelean egindako networking-topaketa profesional batean parte hartu du. Erresuma Batuko turismo-kanalari zuzendutako ekintza hori TTG Mediak antolatu du, Londresko Espainiako Turismo Bulegoarekin lankidetzan.
Ekitaldiak Ingalaterrako ipar-mendebaldeko bidaia-agenteak eta hainbat helmugatako ordezkariak bildu ditu, eta plataforma estrategiko gisa finkatu da Euskadiren merkaturatze turistikoa bultzatzeko, lehentasunezkoa duen nazioarteko merkatu horretan.
Jardunaldian zehar, Euskadik bere proposamen turistikoa bidaia-agente espezializatuen aurrean aurkezteko aukera izan du. Horretarako, bilera txandakatuen formatu dinamikoa erabili da; horrek kontaktu zuzena, gertukoa eta pertsonalizatua erraztu du, eta balio handiko harreman komertzialak sortzea sustatu du.
Euskadiko eskaintzarekiko interes handia erakutsi duten 20-25 agente inguruk parte hartu dute egitasmoan. Gainera, agerikoa izan da helmugari buruzko aldez aurretiko ezagutza —bereziki Bilboren eta Donostiaren kasuan—, bai eta lehendik bizitako esperientzietan oinarritutako pertzepzio oso positiboa ere.
Parte-hartze hori Basquetourrek merkatu britainiarrean Euskadiren presentzia indartzeko duen estrategiaren barruan kokatzen da, merkatu hori nazioarteko igorle nagusietako bat baita gure helmugarako.