Ibilbideak bizipen-izaerako jarduerak, kultura-baliabideetara bisitak eta proposamen gastronomikoak uztartzen ditu, helmugak ekitaldi profesionalen esparruan duen moldakortasuna erakusteko asmoz.
Egunotan, Basquetourrek MICE segmentuan espezializatutako Poloniako merkatuari zuzendutako ezagutza-bidaia bat (Fam trip delakoa) antolatu du. Bidaia hori maiatzaren 10etik 14ra bitartean gauzatzen ari da, eta, haren barruan, Euskadin ekitaldiak antolatzeko xedea duten jomuga eta baliabide nagusietako batzuk bisitatzen ari dira.
Bidaian, pizgarri-bidaietan, kongresuetan eta ekitaldietan espezializatutako zortzi agentek parte hartzen dihardute (FCm Travel Express, Pracownia Przygód, LogosTour, Visa Travel Incentive & Corporate, Best Choice Travel Incentive, Weco Travel Services, Mind Spark Travel eta Travel Stories), Varsoviako Espainiako Turismo Bulegoko (OET) ordezkariarekin batera. Euskadiko MICE eskaintza eta gure lurraldeak balio erantsi handiko ekitaldi profesionalak hartzeko duen gaitasuna bertatik bertara ezagutaraztea da helburu nagusia.
Ibilbidea MICE segmentuaren inguruan beren jarduera garatzen duten profesionalentzat diseinatu da berariaz, eta kultura, gastronomia zein gune bereziak uztartzen ditu, Euskadiren ikuspegi oso, orekatu eta esperientziala eskainiz. Parte-hartzaileek hiru euskal hiriburuetan, Arabako Errioxan eta Euskal Kostaldean eskuragarri dauden baliabideak bertatik bertara deskubritzeko aukera izaten ari dira.
Ezagutza-bidaia honen bidez, Basquetourrek aurrera jarraitzen du Euskadi erreferentziazko MICE jomuga gisa kokatze-estrategian, Poloniako merkatuari kongresuak, pizgarri-bidaiak eta ekitaldi profesionalak antolatzeko eskaintza anitz, jasangarri eta bereizgarria hurbilduz.